GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Nafarroako Binakakoa

Mindegia-Lopezek hasieratik amaierara agindu dute

Ezkurrakoa eta Lezaungoa lehen enborrean jarri ziren aurretik, eta harrezkero ez zuten barkatu. Nazabali eta Vicenteri 22 segundoko aldea atera zieten.

p054_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Miel Mindegiak txapelak pilatzen jarraitzen du, eta ez da meritu makala, atzo Nafarroako Binakakoa bereganatu baitzuen Juanjo Lopez alboan zuela. Ezkurrako aizkolari beteranoak baditu 60 urte, eta oraindik onenekin ari da lehian.

Nazabal-Vicente eta Larretxea-Barberena bikoak ziren askoren ustez faboritoak. Egia da, Vicente eta Larretxea larunbat gauean Malagan Timber Sport Txapelketako finala jokatu zutela-eta, gau guztia bidaiatzen pasatu behar izan zutenez, lo egin gabe aritu zirela. Beraz, atzo ez zeuden baldintzarik onenean baina horrek ez du aitzakiatzat balio, Mindegia eta Lopez bikain aritu baitziren.

Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu behar zituen. Lehen enborretan parekatu samar aritu baziren ere, berehala hartu zuen aurrea txapela jantzi zuen bikoak, nahiz eta Nazabal eta Lopez ere gertuan zituzten Larretxea eta Barberena berehala atzeratu ziren, eta ia hasieratik azken postu horretan aritu ziren amaierara heldu bitartean, eta hortxe bukatu zuten.

Amaieran, Mindegiak eta Lopezek jantzi zuten txapela, eta 21 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko. Bigarren Nazabal eta Vicente sailkatu ziren, eta hauek 21 minutu eta 40 segundo behar izan zituzten beren eginkizunak amaitzeko. Azken postuan, berriz, Larretxea eta Barberena sailkatu ziren, eta hauek 23 minutu eta 51 segundoan burutu zituzten lan guztiak.

Besteak

Bestetik, Euskal Herriko maila nagusiko aizkolarien kanporaketa, abuztuaren 15ean jokatuko da Araian, Araban, 12.00etatik aurrera.

Herenegun eta atzo, gainera, Iruñean beste final batzuk ere izan dira. Txingan, nesken eta mutilen finalak izan dira. Gizonezkoetan, Sukuntza izan da txapelduna, 17 plaza eginda, eta Iriarte nesketan, 22 eginda. Mutilek 50 kiloko txingak erabili zituzten esku bakoitzean, eta 25ekoak neskek.

Ingudearekin ere bi mailatako txapelak banatu zituzten. Nesketan, Iriarte bera izan zen nagusi 77 jasoaldirekin, eta mutiletan, berriz, Xabi Sein, 91 jasoaldirekin. Azkenik, atzo orga-jokoko finala jokatu zuten, eta hor mutilak bakarrik aritu ziren. Petrirena izan zen garaile 7 itzuli eta 1,85 metro eginda.

Sanferminak gaur amaituko dira, baita herri-kirol jaialdiak ere. Gaurko, gainera, ez dute txapelketarik iragarri.

Sthilek antolatzen duen Timber Sport Txapelketako Estatu espainoleko finala jokatu zuten herenegun gauean Malagan, eta euskaldunak izan ziren nagusi. Irabazlea, Daniel Vicente izan zen. Bigarren Donato Larretxea, eta hirugarren Patxi Larretxea. Aizkoran, trontzan eta motozerrarekin aritzen dira lanean. Argazkian, Patxi Larretxea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo