Sokatira
Goiherrik ez du barkatu, eta denboraldiko onena dela erakutsi du
J.L. | DONOSTIA
Goiherri A taldeak jantzi du lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako 600 kilotako txapela. Ondorioz, aurten jokaturiko hiru txapelak bereganatu ditu Erandioko taldeak, 680ko, 640ko eta 600ekoetan nagusi izan dira, nahiz eta azken horretan lan gehiago egin behar izan duten.
600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten atzo, San Cristobal-Goiherrin, Erandion, eta etxeko taldea oso motibaturik eta sasoi-sasoiko jardun zuen saio osoan, ez zuen-eta txapelak ihes egiterik nahi.
Izan ere, azkeneko jardunaldi honetara berdinduta heldu baitziren Goiherri eta Gaztedi, eta saio hau bereganatzen zuenarentzat izango zen txapela. Hirugarren jardunaldia hasi aitzin, 9na punturekin ziren berdinduta Goiherri A eta Gaztedi. Hortaz, txapela buruaren gainean jartzea horien bien artean zegoen.
Goiherrik, ordea, aukera gutxi eman zizkion Gaztediri, eta bi tiraldiak irabazi zizkion. Bien arteko txanda arratsaldeko hirugarrena izan zen. Aurreneko tiraldian hasieratik hasi zen eramaten soka bere aldera, eta 4 minutuan irabazi zuen.
Bigarren tiraldia askoz laburragoa izan zen, eta Erandiokoek minutu eta erdian irabazi zuten. Txanda hori irabazita, erabakita geratu zen txapela, saioan lau taldek jardun baitzuten, Getxo ez zelako aritu.
Aldez aurretik, Goiherri A-k Goiherri B menderatu zuen eta Gaztedik Areso. Hain zuzen ere, Goiherri B-k eta Aresok hirugarren posturako zuten lehia, eta ez nolanahikoa. Izan ere, biak ala biak berdinketa zuten saioa hasi aurretik, 5na puntu zituztela. Baina, txapela janzteko lehian bezalaxe, Goiherrikoak oso motibaturik zelairatu ziren, eta bi tiraldiak irabazi zizkieten nafarrei, eta horrela hirugarren postua ere etxean geratu zen.
Saioak ordubete iraun zuen, eta aspaldiko ikusle kopuru gehiena hurbildu zen San Cristobal-Goiherriko berdegunera. Arestian aipatu bezala, Goiherrik oso serio eta kontzentratuta jardun zuen saio osoan. Getxo taldeak ez zuen tiratzerik izan tiratzaile kopuru urriagatik.
Sailkapenak
Azken jardunaldiko sailkapena, honela geratu zen: Goiherri izan zen lehena, 9 punturekin. Bigarren, Gaztedi izan zen, 6 punturekin, hirugarren Goiherri B, 3rekin, eta azkena Areso, puntu bakar bat bera ere lortu gabe.
Sailkapen nagusian, Goiherri izan da txapelduna, 14 punturekin; bigarren Gaztedi izan da, 13 puntu batuta, hirugarren, berriz, Goiherri B 7rekin; laugarren Areso 7rekin, eta azken postuan geratu da Getxoko taldea, 3 punturekin.
Denboraldia amaitzeko 560 kiloko lehiaketa falta da, eta hori bereganatzeko ere Goherri izango da faborito nagusia.