Dantzarako doinu zaharrak landuz geroko altxorra sortu dute gazteek
Soinujoleak maisu, dantzarako grina duten lagunak ikasle eta herriko plazak ikasgela. Denborak hori aldatu ez arren, pieza zaharrak ahanzturaren giltzapean erortzeko arriskuak disko berri baten jaiotza ekarri du; bikote gazteak iraganaren gordailu bilakatu dira.
Odeia AIESTARAN
Kalejira, fandangoa, arin-arina, porrusalda, pasodoblea, boleroa edota rantxera; makina bat plazek eta lagunek gozatutako piezak dira denak. `Faborez' eskatuz, dantzara irteteko gonbita egiten omen zion mutilak neskari. Hortik dator, hain zuzen ere, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kaleratu berri duen «Faborez 02» diskoaren izena. Gaur egungo plazetan maisu diren lau bikote gazteek osatu dute errepertorioa; Mikel Markezek, elkarteko kideak, adierazi duen bezala, trikitilari ugari dabiltza herriz herri eta plazaz plaza, baina disko mundura heltzea ez da lan erraza. Hori horrela izanik, bikote gazteei «disko munduan aukera ematea» eta «ahazteko zorian» dauden piezak gordetzea dira lanaren helburuak. Iragana orainaldiz gogoratzen duen lana da, beraz, esperientzia berri horren fruitua.
Urtzi eta Gorane, Laja II.a eta Narbaiza, Oier eta Arkaitz Baltzola eta Gari eta Iñaki dira soinujoleak; zortzi lagun, lau bikote eta lan bakar bat. Garai bateko bost doinu aukeratu dituzte diskora eramateko eta egun sortutakoak ez diren arren, denetan nabari daiteke berria eta bakoitzak berezkoa duen ukitu berezi eta magikoa. Euskal Herriko txoko guztietan hain ezagunak diren hainbat piezek errepertorioko zutabe garrantzitsua osatzen dute: kalejira, trikitixa, porrusalda, eta fandangoak. Baina atzerrian sorterria duten fox-a, balsa, pasodoblea, tangoa, cumbia, eta rantxera ere aditu daitezke.
Galdakaokoek bizkaitar senarekin diskoari emandako kolorea, Urolakoek aitaren maisutasunetik jasotako esperientzia, Elgoibarkoek Zabale maisuak emandako grina eta Zumarragakoek ahotsarekin duten abilezia dira bildumaren ezaugarri eta oinarri. Mosaiko horretan doinuek dute hitza eta horiek aukeratzea ez dela lan erraza izan nabarmendu dute denek. Euskal Herrian hamaika pieza zaharren olatuek osatzen dute trikitixaren ozeano zabala, eta batzuk grabatuta egonagatik ere, asko ez daude inon jasoak. Horregatik «lan gogorra» izan dela aitortu du Urtzik. Proiektu honetan beren hazia erein duten hainbat pertsona izan dira. Hala, herritarrek, gurasoek eta maisuek, besteak beste, begi bistakoa ez den ekarpena egin dute. Urtzik eta Goranek Iñaki Zabaletak irakatsitako doinuekin osatu dute errepertorioa; Laja II.ak eta Narbaizak Laja I.aren lanak izan dituzte oinarri; Baltzola anaiak Elgoibarko bazterrak «nahastu» eta herritarrek eta Zabalek proposatutakotik abiatu dira, eta Garik eta Iñakik Zumarragan erroturiko piezak hautatu dituzte. Esperientzia berri baten aurrean izan dira guztiak; trikitixa eta panderoaren besoetan erortzea ez da gauza berria izan, baina Musikorta estudioaren ateak zeharkatzea bizipen ahaztezina izan da; ohitura ezagatik «arraroa», Gariren hitzetan. Baltzola anaiek Arrate Irratian zer edo zer grabatu dute, baina honako hau haren aldean «oso ezberdina» izan dela aipatu dute.
Bikote guztiek, kaleratzen duten lehen diskoa da «Faborez 02», baina urteak daramatzate herriz herri plazak jendez lepo betetzen eta bazkalosteak alaitzen. Urtzi zortzi urterekin hasi zen trikitiarekin hautsak harrotzen eta Goranek ere txiki-txikitatik heldu zion zaletasunari. Bizkaitarrak duela bost urte batu ziren dantzarako grina zutenak asetzeko eta asmorik gabekoak bultzatzeko. Laja II.a eta Narbaiza bikote moduan iaz hasi baziren ere, Urolako ordezkariak aspaldidanik dabiltza plazaz-plaza. Baltzola elgoibartarrek hogei urteko esperientzia bizkar gainean dutela, hasieratik biak batera ibili dira. Familia «santutegi» izan dute Garik eta Iñakik, eta trikitixa jotzen oinez ibiltzen ikasi baino lehenago hasi zirela esan daiteke. Zumarragakoak, bikote moduan, halere, duela zazpi bat urte hasi ziren. Sueltoan, lotuan, bakarka, binaka edota hamarka; diskoak aukera ematen duen bezala, bakoitzak eraiki dezala bere plaza eta gozatu dezala.