Gure Irratiak datorren otsailean estreinatuko du egoitza berria
2006ko amaieran sute batek erabat suntsitu zuen Ipar Euskal Herriko euskal irrati honen egoitza. Langileen ahaleginari eta jaso zuten elkartasunari esker, uhinetan jarraitu zuen. 2009ko otsailerako, lanean estudio berrietatik jarraitzea espero dute.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Sute batek Ipar Euskal Herriko Gure Irratiaren egoitza suntsitu zuenean, 2006. urteko amaieran, euskal hedabide honen ibilbidea malda gora jarri zen. Irratiko kideek ez zuten etsi, ordea, eta zorigaitza gertatu eta hamar egunen buruan uhinetan zeuden berriro. Gaur egun, urte eta erdi pasatu ondoren, egoitza berriaren eraikuntza daukate buruan, ilusio handiz espero duten mementua. Irratiko esatari den Jokin Zaldunbidek azaldu duenaren arabera, estudio berriaren diseinua aurkezteko epean daude eta, ondoren, egindako proposamenen artean aukeratu eta eraikitze lanei ekingo diete. Akordioa sinatzeko zain daude une honetan Gure Irratikoak. Hala ere, ezbeharrik egon ezean, 2009ko otsailean egoitza berritik igortzen aritzea espero dute.
Azpimarra daiteke, gehienbat, bizitako oztopo guztiei aurre egin, eta irrati honek ez diola igortzeari utzi. 2006ko abenduaren 5ean sutea izan eta hamar egunen buruan Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Gipuzkoako iparraldea eta kostaldea, Nafarroako mendialdea eta Landetako hegoaldeko biztanleek berriro entzuteko aukera izan zuten. Elkartasun keinuak biderkatu egin ziren Euskal Herri osoan. «Durangoko Azokaren garaia zen eta han bertan mahai bat jartzen utzi ziguten jendearen laguntza jasotzeko», esan du Zaldunbidek.
Ipar Euskal Herriko biztanleek irrati hau entzuten jarraitu dutenez, normaltasun itxura bat eman dute atez kanpora. Zaldunbidek argi esan du, ordea, haien lana ez dutela beharko liratekeen baldintzetan egiterik izan. «Sutearen aurretik, bigarren solairuan egiten genuen lan. Ondoren, lehenengoan utzi ziguten lekua; baina 100 metro koadro besterik ez duen lekua da. Txikiegia garen langile guztiak ondo ibili ahal izateko», azaldu du esatariak. Hori dela-eta, ilusio handia dute lanen akordioa sinatzeko, lanak hasi eta datorren urteko otsailean egoitza berria estreinatu ahal izateko.