GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Simón Martínez de Arroyabe, Anton Elorza eta Agustín Zugasti Mondragon taldeko kideak

Eragindako mutazioa Eroskin

Beren esperientziatik eta ezagutzatik abiatuz, Mondragón taldeko hiru langilek Eroski enpresa talde espainol bihurtzeko saiakera salatu, eta joera horrek, Arrasateko kooperatibaren historian ez ezik, euskal enpresarien artean ere aspaldidanik babes handia duela argitzen dute. Bestelako aukerarik egon badagoela ere argi erakusten dute artikuluan.

Iberdrolan eta, oro har, enpresa handietan, botere-gunea Euskal Herritik kanpora ateratzeko aukera zabalik egotea, erne dagoenarentzat, kezka-iturri izan da. Ona da, ordea, kezkatze hori, erabat normalizatu gabe dagoen herri txiki baten etorkizuna -gureaz ari gara- bertako enpresarik estrategikoenek hartutako konpromisoaren baldintzapean baitago, hein batean.

Oso litekeena da epe laburrean adiera horretako eragiketa latz bat gorpuztea. Eroski euskal talde kooperatiboa espainiar talde kooperatibo bihurtzeko atzera gabeko bidetik abia liteke, bere filial espainoletan langileak masiboki bazkide bihurtu, eta, hortaz, boterea pixkanaka beren esku hartzen badute. Aukera horri heltzekotan, ez dirudi hortik urrun denik Eroskiren egoitza Madrilen kokatzea, enpresa-logikak ez ezik, gehiengo instituzionalen logikak ere hala agintzen baitu.

Kontua aintzat hartzekoa da, alde baterako zein besterako alarmismorik gabe, eta bestelako aukerak proposatzeko argumentuak, era berean, alarmismorik gabe jorratu behar dira. Artikulu hau idazteko erabakiaren funtsa, tamalez, gai honen inguruan eztabaida egiteko hautabide falta nabarmena da (hori ere, «demokrazia enpresarial» batean biziki kezkagarria bada ere).

Eztabaida saihesteko moduetako bat, euskal eremuaren aldeko jarrera guztiak (gehiengoa osatuko luketenak, seguruenik, neurtuko balira) deskalifikatzea da. Enpresen erabaki-eremu nazionalak defendatzea ohiko kontua da eta, eragin ere, estatu baten mekanismoek horrela eragiten dute maiz. Baina horrelako mekanismorik ez daukan gizarteari dauzkatenek era guztietako «-keriak» egozten dizkiote, muturrerainoko zinismoa erakutsiz, hauek naturaltasun osoz egiten dutenaren ehunetik bat planteatzen badu hark. Euskal eremuak muga errealik ez izateaz pozik egon gaitezke mugen aldeko ez garenok, geure erabaki eremutik abiatuta nolabaiteko bokazio unibertsalista daukagunok, alegia. Espainiak berriz, muga erreal-errealak dauzka, beren ondorio eta guzti.

Sarkastikoa da, oso, Eroski talde espainol bihurtu nahi dutenek erabaki-eremu kooperatibo historikoen zilegitasuna kentzeko diskurtsoa erabiltzea: irekierarik ez agertzea leporatzen digute, beren burua euskal eremua gainditu duen modernotasunaren jabe hartuta... eta espainol eremura egiten dute, nahiz eta hori euskal eremua baino askoz ere mugadunago den, askoz ere mugatuago eta blindatuago den. Diskurtso hori bera darabilte jarrera «savatertar»ek euskal eremuaren kontra aritzeko: taktikoki «mugen aurkako» diskurtso filosofiko unibertsalista horretaz baliatzen dira eta, une politiko erabakigarrian, ordea, beren pasio ultra-espainolista azaleratu zaie beti. Ohiko kontua dugu hori ere.

Ezaguna dugu ilusionisten trukuen funtsa: ikuslearen begirada zerbaitetara bideratzen dute, beraiek egiten ari direna agerian ez geratzeko. Eroski-ko zuzendaritzaren diskurtsoan gorpuzten den trukua espainiar nazionalismoko magoek darabilten berbera da, merkatu-diskurtso horren malgutasunak desitxuratu samar dagoen arren. Kide garen herriaren alde eta kohesioz jokatzearren, erabaki kooperatiboaren euskal eremua defendatzeko planteamendua (gehiengoarena, atxikipenak neurtuko lituzkeen testa zintzotasunez egingo balitz) agertu bezain laster, etiketa ezarri zaio: nazionalista da. Egiari zor, kontrol-eremua mugarik gabeko nazio bat izan ordez, kontrol-eremua mugadun nazio bat izatea da Eroski-ko zuzendaritzak lortu nahi duena. Eroski-n, balizko planteamendu «aperturista» eta unibertsalisten horizontea zehazki mugatua dago: Eroski enpresa talde espainol bihurtzea.

Akats historikoak errepikatzeko arriskuan gaude. Gure herriak bizi duen asaldaketa eta liskar horien gako nagusietako bat, iraultza industrialaren hastapenean, burgesia industrialak Espainiaren alde jokatu izana da, europar merkatuko aukerak ahultzen ari zirelarik estatuan ikusi baitzituen ateak zabalik (errenazimendu-ostekoan punta-puntako ekonomia eraikia bazuen ere). «¿Qué remedio hay para conservar este ramo de la industria? Españolizarlo, pues no quedándole más salida que a España y sus dominios, es de necesidad hacerlo español» dio Merkataritza Ganberaren 1832ko Justifikazio Memoriak. Apustu ekonomiko erosoenak agindutako orientazio horrek ere etorkizunean egongaiztasuna ekartzen lagunduko zuen, indar ekonomiko horien eta herriaren gehiengoaren baitan sorturiko helmugen arteko banaketa eraginik. Ehunka urte eman ditugu haustura (faktura) hori ordaintzen.

Aspaldian Negurik eginiko apustu hartan baliatu ziren elementuen antzekoak darabiltzatenez, badirudi Eroski-ko zuzendariak Espainiaren nozioarekin bat egitearen aldeko direla. Eta, eragiketa horretara begira, bertan berariazko interesa daukaten espainiar indar politikoekin harreman politikoak eratu dituzte. Euskal erabaki eremuari eustearen alde omen legokeen gehiengo isilak, berriz, ez du inolako jarduerarik agertu. Bada arazo erantsi bat, ordea: kooperatibetan hori ez da kapital-eragiketa hutsa, bazkide-gorputz osoaren eragiketa baizik, eta horrek zeharo bestelako ondorio kualitatiboak ditu. Epe ertain eta luzera, oso litekeena da kidegoa adierazten duten elementuetan haustura latzak jazotzea, bere ondorio larri eta guzti. Megatalde espainiar bat osatzeko burutazioa izan dutenek motibazio kooperatiboaren funtsezko alderdi asko saihestu dituzte. Esan gabe doa: eragiketa horretan guk asko dugu jokoan.

Ba ote da Eroski taldea antolatzeko bestelako formularik? Horixe badela; eta, gainera, talde kooperatiboaren etorkizunari dagokionez, hobeak dira beste horiek: bide argiak, enpresaren ikuspegitik egokiak, kooperatiba ideiaren etorkizunarekin konpromiso sakonagoa daukatenak. Enpresa hobetu daiteke, hein egoki batean haz daiteke, balioen arabera, jatorrizko eremuen nortasunari uko egin gabe, etorkizunean kohesio-arazo larriak izango lituzketen mega-taldeetan barreiatu gabe eta, azkenean, kooperatibaren hazia orokorki galtzeko arriskua hartu gabe. Talde espainola sortze aldera egiteko baliatzen den argudioa arras sentikorra da, kooperatibisten bihotza hunkitzen baitu: bazkide izateko eskubidea zabaltzea, alegia. Arrazoi hori, dena den, beste hainbat errealitaterekin erkatu beharra dago, kooperatibaren ideia zainduko bada. Ahul dabilen kooperatiba-kultura bati egin dakiokeen okerrena da, bat-batean, bestelako geografietara hedaraztea, hauetan dagoen oinarria are eta ahulagoa baita eta, ondorioz, ideia hori endekatzeko arriskua biziagoa. Badira Eroski kooperatibaren etorkizuna eusteko bide egokiagoak. Baina horietaz eztabaidatzeko tarte gutxi uzten du Eroski-k.

Ederki dakigu gauzak horrela izateak Mondragón taldeko hainbat kooperatibatan eragiten duen kezka larria dela, gertatzen ari denaz bazkide gehientsuenak jabetu ez arren. Egoera honek badu kezkatzeko moduko beste pare bat ezaugarri, ordea: kinka larri honen aurrean Mondragón taldeko goi-organoetan egonkortu omen den nagitasun mentala, batetik, eta, goian aipaturiko truku ideologikoa ikusirik, erakutsi duten paralisia, bestetik.

Horrek guztiak, egunez egun zabalago bihurtzen ari den talde kooperatiboa nortasun eta erreferentzi iturriak gero eta azkarrago galtzera eroan dezake, luze gabe. Izarietan hazte hori eta erreferentzia eta nortasun eremuei eustea uztartzen asmatu ezean, kohesio gabezia eta izaeraren arrailtzea izango da etorkizunean kooperatiben kontu behinena. Oinak buztinezkoak dauzkan erraldoia nola hazten ari den so omen daude zuzendari korporatiboak, begia zalantzak lausoturik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo