GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Interpolaziorik gabeko mezuak

Askotan bezala, anekdotaren aparrak ezkuta dezake mamia. Joan de astean Irango Iraultza Islamdarraren Zaindarien Armadak burututako Profeta Handia III maniobren baitan Shahab-3 misilen jaurtiketa aldiberekoa jasotzen zuen argazkiari eginiko interpolazioak txantxa batzuk jaulkitzeko aukera polita eskaini du, Photoshop softwareari debaldeko publizitate galanta egiteaz gain. Gertatzen ari dena edota gertatzear legokeena ulertzeko, ordea, ez du asko balio anekdotak.

Argi dago Irango erregimen islamistak «mezuak» bidaltzeko erabili dituela aparteko maniobra horiek: halaxe adierazi dute espresuki haien arduradun gorenek. Mezuaren hartzaile behinena Israel zela ere argi zegoen hasieratik, eta Barak Defentsa ministroari egokitu zaio hartuaren adierazpena ematea: lehenagokoetan bezala, garaia heldutakoan Israelek berea egiten jakingo duela eta abar esaka atera da, tokatzen zitzaion eran. «Kezka», «ardura» eta antzekoak agertuz Irani arbuioka atera diren potentzia nagusiek ere euren paperean aritu dira, zer besterik esan dezakete! Eta ezer esan ez duten batzuek ere, Saudi Arabiak demagun, zegokien eran erreakzionatu dute. Beraz, mezua jaso dute hartzaile izan behar zuten guztiek. Mezua ez baitago Shahab-3 misilen irismenean; aspalditik dago Israel misil irandarren irismen esparruan, eta ia duela hamarkada batetik ditu hedaturik Iranek Shahab-3 beroiek. Mezua jaurtitzeko moduan zetzan, eta horregatik beharbada argazkiaren interpolazioa: batera hainbat misil jaurtitzearen helburua, aurkariaren defentsa sistemak «saturatuz» hura «zulatu» ahal izatea da beti ere. Eta, noski, jaurtitzaileak duen misil stockaren araberakoa izanen da haren «eskuzabaltasuna». 1981ean Iraken israeldarrek Osirak zentral nuklear esperimentalaren aurka burutu zutenaren antzeko ezer eginez gero izango duten ordainaren gaztigua agerikoa da: eskura dituen guztiekin erantzungo du Iranek.

Ezkutuagoan geratu da, ordea, mezuaren beste osagaia: irismen laburreko misilak ere erruz sutu dituzte irandarrek maniobra horietan, eta Ormuz itsasartearen ondo-ondoan burutu dituzte saioetako batzuk. Nekez adieraz zezaketen gardenago balizko erasoari erantzuteko munduko petrolioaren aterabide nagusia butxatu egingo dutela. Eta argi ibil daitezela Iraken dauden okupatzaileak, edota Israeli erraztasunak emateko tentaldia eduki dezaketen inguruko herrialdeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo