Josebe EGIA
Noiz arte?
Zer esan daiteke, dagoeneko mila aldiz esan denaren ezberdina, beste emakume bat eraila denean. Zer esan daiteke, barruan dugun sentimendua areagotu besterik ez zaigunean egiten, tantaka, emeki, baina modu iraunkorrean. Bukaera ikusi ezinean gabiltzanean. Amorruak eta frustrazioak buru-argitasuna ere lausotzen digutenean.
Une hauetan, gehienbat, Nagore Laffageren familia eta lagunekin bat egin nahiko nuke. Familia horrekin, lasai asko egongo zena bere bizimodua egiten bat-batean bere alabaren gorpua identifikatzera joateko deituko ziotenean. Bere alabaren gorpu laurdenkatua. Lasai asko egongo zirenean, beren 20 urteko alabak bere bizitza egiten zuen bitartean.
Bere bizitza egiten ari zen neskari, ordea, bizitza hori kentzea otu zitzaion hiltzaileari. Oraindik zein harreman mota zuten argi ez badago ere, berdin dio. Ez dirudi bikote harremana zutenik, ezta lagunak zirenik ere, baina ez ziren erabat ezezagunak izango hiltzaileak bere etxean burutu zuenean krimena. Eta zein harreman mota zuten baino areago, Nagore beti faltako dela da dakigun bakarra, eta beste milaka kasutan bezala, gizon batek egiteko eskubidea eta boterea zeukala uste izan zuela, eta erabili egin zuela.
Nagoreren heriotzak, bere familia eta lagunak ez ezik, beste pertsona asko ere mintzen ditu, kasu bakoitzak beste kasu guztiak berpizten baititu. Eta emakumeongan, bizi dugun errealitatearekiko beldurra eta ziurgabetasuna berresten baitu. Eta amorrua, hori ere bai. Elkartasunera bideratzen dugun amorrua, mobilizazioetan eta hainbeste ekitalditan erakutsi nahi duguna, saminarekin batera.
Bestalde, egitate honek emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan sakonki kezkatzen nauen alderdi bat nabarmentzeko beharra ekarri dit, berriro ere. Eta hori protagonisten gaztetasuna da, bai biktimena, bai borreroena.
Urte batzuetatik hona arazo honi ematen diogun trataera eta dimentsioa aldatu badugu ere -denok: hedabideek, legeek, justiziak, gizarteak berak- eta berau erauzteko ahaleginean eta asmoan inoiz ez bezalako indar eta informazioarekin ari bagara ere, harrigarria da gazteriak patroi zaharrak nola errepikatzen dituen ikustea. Kezkagarria, eta erabat etsigarria, gizon gazteek emakumeak oraindik gauzatzat dituztela ohartzea; beren jabetzaren beste gauza bat, transformatu, gorde edo suntsi dezakeen beste objektu bat. Botere, menpekotasun eta indarrean oinarrituriko harremanak eratu eta mantentzearen ondorioa besterik ez. Gizona boteretsu, indartsu, jaun eta jabe. Antza denez, egungo gazteen artean, ez da eredu hori gainditu, ez da baztertu ezberdintasunean bizitzeko aukera.
Zer dela eta? Non ari gara borroka hori galtzen? Zerk eramaten ditu gazteak aurreko belaunaldien akatsak eta miseriak errepikatzera? Ikusi eta ikasi, dio esaerak. Agian, hori izango da egiten dutena. Agian, ez gara ari behar bezainbeste ikusgarri egiten ez direla kasu bakanak, baizik eta gizarte osoaren gaixotasuna, indarkeriaren dementzia. Noiz arte?