GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Esperantza zainduko dugu!

Ez dira garai errazak, eta askotan zalantzak izateko aukera izaten ahal dugu. Uste dut beti hala izan dela, eskuinak, kapitalismoak indar guztiak baliatzen dituela esperantzaren hiltzeko. Haien gezurrak ezagutzen ditugu. Hitza debekatu nahi digute baina ez gaituzte garaitzen

Asteko lan ordu kopuruaren emendatzearen ondotik, pausa egun kopuruaren txikitzea heldu zaigu. Zentral nuklearretan istripuak eta horien inguruko gezur zerrenda, alegia, ez dagoela arriskurik, edo kontrolpean daudela. Diputatu baten etxean gertaturiko lapurreta, diputatu hori oposizioko aitzindaria delarik eta honek aldarrikatzen duelarik presidentearen ingurukoen eskutik etorri dela lapurreta, benetan eskuinaren garai handietara itzuli garela sumatzen dugu. Bestalde, telebistako aurkezle famatu bat kanporatua podorearen eraginez, eta gertakari guzti horiekiko arreta desbideratzeko presidentearen anderea, modeloa, kantaria, elkarrizketak ematen, disko berria aurkezten eta gibeletik, Eliseotik milioika euro, komunikazio kanpaina berrien ordaintzeko, iritzi publikoari ederki gaudela irentsarazteko. Ahanzten nuen, ezkerreko militante bat Italiako Poliziaren eskuetan estraditatua izateko prest.

98/18 makrosumarioko auzipetu bat kanporatua, epaiketarik gabe, zuzenean, Poliziatik Poliziara, zergatik honenbeste formalitate? Hain da erraza! Aski da zubi erdiraino joatea eta beste poliziaren esku uztea. Zer gertatuko den gero? Bost axola, Sarkozyk babestuko du. Eta besterik? Bai, Ipar Euskal Herrian urteetan bizi den adineko militante politiko batzuei Ipar Euskal Herritik kanporatuak direla adierazten dietela, eta hilabete bat dutela hemendik alde egiteko.

Eskuinaren garai handienetara itzuliak gara. Eta eskuin horrek ez du aurkaririk agerian. Irabazi sozial, politiko asko desegiten ari dira. Nagusien sindikatuek ez dakite zer erran hain borobil ari zaien proiektua ateratzen. Zaldi ona, ezin hobea aukeratu zuten, benetan nagusia handienek behar zutena erreformatzen ari dira Eliseoko jauregitik.

Besancenot alderdi antikapitalista berri bat bultzatzen ari da, lan erraldoia geratzen zaio mahai gainean, debate asko beharko dira frantses ezkerraren biltzeko. Eta herri gutxituei buruz zer erranen dute, izanen al dute proiekturik? Zaila izan zaio ezkerrari herri gutxituen problematiken ulertzea. Dena den entzunen ditugu.

«Egin» eta Egin Irratia hamar urte, Gatza 28, urteak doaz, oso egoera bortitzak dira. Eskuina ausarta da, begiratzen dugu tresna berriak asmatzen ezkerraren irabaziak eta ideien zanpatzeko. Legea dute hautatu, batzuek langileen irabazien desegiteko, besteak ideia independentista legez kanpo jartzeko. Propagandarako tresna izugarriak jarri dituzte martxan eta kontsumoak liluratzeko gaitasuna duenez podorearentzat erabilgarria da oso.

Ez dira garai errazak, eta askotan zalantzak izateko aukera izaten ahal dugu. Uste dut beti hala izan dela, eskuinak, kapitalismoak indar guztiak baliatzen dituela esperantzaren hiltzeko. Haien gezurrak ezagutzen ditugu. Hitza debekatu nahi digute baina ez gaituzte garaitzen. Hor gaude, lan egiteko prest. Kriminalizatuko gaituzte, badakigu nortzuk diren benetako gure eskubideen erasotzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo