GARA > Idatzia > Kirolak > Arrauna

San Miguel Liga

Orio eta Kontxaren arteko amodio istorioak ez du etenik

Gipuzkoarrek denboraldiko lehen garaipena eskuratu dute, eguraldiak zein txanda eta kale zozketak erabat baldintzatutako estropadan

p030_f01_333x333.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Orioko Arraun Elkarteak bere ibilbide luze eta oparoan Kontxako Badiarekin izan duen amodio istorioak pasarte berri bat du atzoz geroztik. Gipuzkoarrek aurtengo lehen garaipena eskuratu zuten Donostiako uretan, eguraldiak zein txanda eta kale zozketak goitik behera baldintzatutako estropada batean. Abisu bat izan daiteke iraileko lehen bi igandeetan gerta daitekeenaz ohartarazteko. Baldintzak, edonola ere, ez dira errepikatzen errazak izango.

Oriotarrek hirugarren txandan egin zuten arraun, eta bikain baliatu zuten eguraldiak emandako atsedena. Lehen eta bigarren txandetan aritu ziren ontziek eguraldi makurragoa izan zuten eta haize indartsuagoa. Gainera, laugarren kalea egokitu zitzaion «Mirotza»ri, denetan onena. Oriok ez zuen aukera alferrik galdu eta hasiera-hasieratik sekulako aldeak atera zizkion Urdaibairi, ordura arte denborarik onena zuen ontziari: 30 segundo lehen ziabogan, 24 bigarrengoan, 40 hirugarrengoan eta 22 helmugan.

Telefónica Bandera irabazi zuten arraunlariak hauexek izan ziren: Jon Albizu, Gorka Etxeberria, Axier Kolina, Agustin Mujika, Joxean Olaskoaga, Fernando Balenziaga, Ibon Gaztañazpi, Anartz Larrea, Iosu Indo, Ibon Etxeberria, Andoni Peña, Endika Uranga eta Urko Redondo, Irakoitz Etxeberria patroi zutela.

Liga, bero-bero

Eta atzoko egoera aldakorraren beste ondorioa San Miguel Ligako sailkapenean izan diren aldaketak dira. Bai Castrok eta bai San Pedrok ikaragarri sufritu zuten lehen kale «madarikatu» horretatik, eta azken postuetan amaitu zuten -gipuzkoarrek bigarren ziabogan denbora asko galdu zuten-. Orain, lider berria Urdaibai da eta Orio bigarren dago. Aipagarria bizkaitarren azken luze ikaragarria: Oriori ia 20 segundo eta Zarautzi 30 baino gehiago atera zizkioten luze bakarrean. Hurrengo astetik aurrera, Orio eta Urdaibai pare-parean ikusiko ditugu arraunean.

Igandeko beste bi irabazle nagusiak Zumaia eta Arkote izan ziren, hirugarren txandan aritu ziren beste bi euskal ontziak, alegia. Zumaiarrek hirugarren postuan amaitu zuten estropada eta, azken bi asteetan batu dituzten puntuei esker, sailkapen nagusian seigarren posturaino igo dira. Arkotek, berriz, bosgarren postuan amaitu, eta puntu sorta ederra batu du sailkapenaren zulotik burua ateratzen saiatzeko. Atzokoan, behingoz, zortea alde izan zuten.

Azkenik, Hondarribiaren lana txalotu behar. Hauek ere ez dira zorte handirik izaten ari. Atzo lehen txandan aritu arren, zazpigarren amaitzea lortu zuten eta apurka-apurka joan beharko dute sailkapen nagusian gora egiten. Arraroa egingo da datorren asteburuan «Ama Guadalupekoa» lehen txandan ikustea.

Igon Lertxundi: «Gaur zortea alde izan dugu»

Pozez txoratzen zegoen Igon Lertxundi Orioko presidentea estropada amaieran: «Aurrenik, esan beharra daukat gaur zortea izan dugula. Azken txandan baldintzak askoz hobeak izan dira. Hala ere, guk geure lana ongi egin dugu eta alde handiak atera ditugu. Txandak zozketa bidez egitearen ondorio bat da puntu asko irabazi edo galtzeko aukera eta, horri esker, bigarren jarri gara Ligan. Hirugarren aldiz irabazi dugu Telefónica Bandera, eta ea irailean hemen bertan Kontxako Bandera berriz irabaz dezakegun. Falta zaiguna San Miguel Liga irabaztea da, eta saiatuko gara aurten borroka horretan egoten, Orio bezalako elkarte batentzat garrantzitsua da titulu hori ere irabaztea. Hurrengo astetik aurrera beste estropada klase bat ikusiko dugu. Txandak sailkapenaren arabera egingo dira eta aldeak ez dira hainbestekoak izango. Bost arraunlari berri ditugu aurten, traineru berria ere bai, eta hobera egiten saiatuko gara».

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo