GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zaldibiako kanpaldiarekin erresistentzia gunea sortu nahi dute AHTren aurka

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurka, Zaldibian, hilaren 24an hasi eta mugatu gabeko iraupena izango duen kanpaldian biltzeko deia egin du AHTren Aurkako Asanbladak. Durangaldean, bestalde, lanak hasi direla-eta, mobilizazioak iragarri ditu AHT Gelditu! Elkarlanak.

p016_f01_148x116.jpg

GARA |

Azken hamahiru urteetan bezala, AHTren aurkako kanpaldia antolatu du AHTren Aurkako Asanbladak. Uztailaren 24tik aurrera Zaldibian izango den kanpaldi hori «topagune asanblearioa eta autoorganizatua izango da», antolatzaileek esan dutenez, eta Goierriko AHTren kontrako herri mugimenduarekin bat egingo du, «hain zuzen ere, Itsasondo-Ordizia artean Eusko Jaurlaritzak hasi dituen «Euskal Y»aren obrak gelditzeko egiten ari diren ekintzak indartzeko».

Bertan parte hartzeko deia zabaldu diote jende guztiari, «ekintza egitarau zabala eramango da aurrera: hitzaldiak, eztabaidak, protesta ekintzak, martxak eta festak».

Azpimarratu dutenez, «aurtengo kanpaldiak ez du iraupen mugatua izango, hamar eguneko topagune honen bidez AHTren obren aurkako erresistentzia gune bat sortzea baita gure asmoa». Ekintza hori gutxienez uda osoan iraunarazteko asmoa plazaratu dute, «Urbinan 2006ko azarotik 2007ko urtarrilera bitarte egin zen erresistentzia gunea bezalaxe».

Mendilibar auzoan

Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak, bestalde, «gogor» salatu du Durangaldean AHTren obrak hasi izana, Abadiñoko Mendilibar auzoan, hain zuzen ere. «Gobernuak prentsaren bidez Abadiño-Durango bide-zatian obrak hasi zirela esan zuen joan den astelehenean, baina gutxienez aurreko asteko asteazkenetik dabiltza hondeatzeko makinak Mendilibar inguruan pistak zabaltzen eta inguruak suntsitzen», argitu dutenez.

Aktak sinatu eta gutxira obren hasi izana salatu du Elkarlanak, eta proiektuaren kontrako argudioak ere berretsi dituzte: «AHTa tren elitista bat da, gutxi batzuen (enpresa eraikitzaile, politikari eta goi mailako enpresariak) interesak asetzeko trena da, inposizioan, ezkutukerian eta desinformazioan oinarritutako proiektu txikitzailea, izango dituen eragin ekonomiko, sozial eta ekologiko kaltegarriak jakinda ere, aurrera eraman nahi duten proiektua».

Proiektuari aurre egitera deitu du Durangaldeko Elkarlanak, «gure eskuetan dagoelako, eta beharrezkoa delako jende guztiaren inplikazioa proiektu txikitzaile hau gelditzeko».

Horretarako, elkarretaratzeak egin zituzten joan den ostiralean hainbat herritan eta, bihar, asteartea, kontzentrazioa izango da 18.00etan Mendiolako bidegurutzean, Abadiñon. Datorren uztailaren 19rako, larunbata, manifestazio bat iragarri du Durangaldeko Elkarlanak, Abadiñoko Txanporta plazatik 12.00etan abiatuko dena.

urbinan bezalA

Zaldibian uztailaren 24an hasiko den kanpaldia uda osoan iraunarazteko asmoa du AHTren Aurkako Asanbladak, «Urbinan 2006ko azarotik 2007ko urtarrilera egin zen erresistentzia gune hartan bezalaxe».

manifestazioA

Mobilizazioetarako deia egin du Durangaldeko Elkarlanak, AHTren lanak hasi direla ikusi ondoren. Datorren larunbatean manifestazioan abiatuko dira 12.00etan Abadiñoko Txanporta plazatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo