GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Alaitz Iturriotz eta Ibon Urrestarazu errugabe jo eta aske utzi dituzte

GARA |

Ia lau urtez «badaezpadako kartzelaldian», Euskal Herritik urrun egon ondotik, epaiketan errugabe jo eta aske utzi zituzten Alaitz Iturriotz eta Ibon Urrestarazu Ordiziako preso politikoak eta beraien alaba. Valentziako espetxean zeuden hirurak. Hala ere, behin-behineko askatasuna dute, Auzitegi Nazionalak beste sumario batean ere auzipetu baitzituen, ETAren ustezko zerrenda batzuekin lotutako beste «badaezpadako makrosumario» batean, hain zuzen.

Joan den asteazkenean, uztailaren 9an, utzi zituzten aske. Lehendabiziko ongietorria goizeko laurak aldera egin zieten beren herrian.

Iturriotz eta Urrestarazu 2004ko azaroaren 16an atxilotu zituzten. Biek ala biek polizia-etxean tratu txarrak eta presioak jasan zituztela salatu zuten. Gainera, etxetik oso urrun kartzelatu zituzten: Urrestarazu Soto del Real, Valdemoro eta Valentzia III espetxeetan egon da; Iturriotz, Soto del Real, Brieva eta Valentzia III-n.

Askatasunaren salaketa

Askatasunaren aburuz, Iturriotzi eta Urrestarazuri gertatu zaienak garbi erakusten du «Auzitegi Nazional espainolak euskal herritarren aurkako gerra-auzitegi gisa jarduten duela, eta salbuespen neurriak hartzen dituela gatazkaren ondorioz atxiloturiko euskal herritarrekin». Bi ordiziar hauek auzitegi honen aginduz atxilotu, inkomunikatu, espetxeratu eta urrundu zituzten Euskal Herritik. Lau urte geroago, errugabe jo dituzte.

Gogor salatu zuen Auzitegi Nazionalak euskal herritarrei «sufrimendua besterik» ez diela ekartzen: «sarekadak, inkomunikazioa, tortura sustatzea, espetxeratzeak, sakabanaketa, bizi arteko zigorra». Hortaz, berehala ixteko eskatu zuen eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin zien herritarrei.

Atzo, euskal preso politikoen alde mobilizazioak izan ziren Iurretan (45), Santurtzin (60), Ondarroan (82), Laudion (58), Zaldibian (25), Otxarkoagan (16) eta Euban (10).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo