«Hilabetean hamabost partida inguru jokatzen nituen, urte batean 183»
1964. urtean jaio zen urrestildarra, eta 15 urte bete zituenetik erremonteari loturik dago. Kirolari profesionala, gazteen entrenatzailea eta pilota giroaren zale amorratua den gizon honi Galarreta frontoiarekiko duen sentimendu berezia antzematen zaio festibalen inguruan hitz egiten duen bakoitzean. Datorren uztailaren 26an, profesional gisa azken partida jokatuko du, bere bigarren etxean.
Iruñeko Euskal Jai frontoian azken aldiz final bat jokatu eta merezitako omenalditxoa jaso aurretik egon ginen Pellorekin. Galdu egin zuen, baina ez zen hori garrantzitsuena, kontua hainbeste urtetan bera ikustera joandakoak irribarrez agurtzea zen.
1983ko uztailaren 17a Galarretan. Zer datorkizu burura?
Azpeitian hasi nintzen entrenatzen, urtebete inguru egin nuen bertan eta gero Galarretara joan nintzen. Nik debutatu aurretik nirekin ibiltzen zirenetatik bost edo seik debutatu zuten, eta kezka hori izaten nuen. Behin Galarretan nengoela, Telesforok (Galarreta frontoiko orduko kantxeroa) nire jokatzeko postura eta joera asko gustatzen zitzaizkiola eta sei hilabete barru debutatuko nuela esan zidan. Egun hartan Galarretan debutatzean poz handia hartu nuen.
Hogeita bost urte igaro dira ordutik. Astean hiru festibal egiten dira eta urtean 700 partida inguru. Urteko zenbat partida uste duzu jokatu izan dituzula?
Ezta tankerarik ere! Beti egon izan naiz jokatzeko gogoz. Batzuek beti dute oporretarako gogoa, baina nik pilotan asko gozatzen dut, eta behin ere ez dut izan oporretarako grina hori. Jokatzen emandako denbora tarte handiena bi urtekoa izan zen, duela 10 urte inguru: urte batean 181-182 partida eta hurrengoan 183. Hilabetean 15 partida inguru jokatzen nituen orduan. Zortea izan dut lesio graberik ez izatearena. Aurreko urtean, abuztuan orkatila dezente bihurritu nuen eta ordutik adina ere aurrera doa. Partida asko jokatzea gogorragoa egiten da horrela.
15 urterekin Azkaraterekin hasi zinen, 17rekin Galarretan Telesforo Agirrerekin, 19rekin debutatu zenuen eta jadanik 44 dituzu. Anekdota asko izango dituzu, ezta? Eta partida berezirik?
Momentuan ez naiz gogoratzen, baina anekdotak 25 urtetan, asko. Giroa desberdina zen pilotarien artean. Iruñera joan behar genuenean goizeko hamarretan elkartzen ginen guztiok, eta estelarren festibaletako lehenengo partidak 14.30ak aldera izaten zirenez, partida hori jokatu behar genuenak auto batean joaten ginen elkarrekin, eta 3. eta 4. partidak jokatu behar zituztenak beste auto batean joaten ziren. Itzuleran Lekunberrin-edo elkartzen ginen afaltzeko. Giroa oso bestelakoa zen, orain bakoitza bere erara joaten da. Gazteak gurasoekin edo anaiaren batekin edo... Iruñera joateko elkartzen saiatzen gara, baina orain pilotarien arteko giroa ezberdina da, bakoitza bere erara ibiltzen da.
Orain Izarraitz frontoian zu zara kantxeroa. Umeak zer moduz ikusten dituzu?
Gustura etortzen dira, eta gustura etortzen direnean zuri ere poza ematen dizu. Gainera, etortzen diren gazteak oso jatorrak dira, eta ni ere gustura nabil. Giro polita daukagu, eta gaztetxoren bat edo beste badago oso txukun jokatzen duena.
Familia pilotazalea izan duzu. Semeak ere zuen bidea jarraitzen al du?
Ezker-eskuin bastante politak dauzka, baina... eskuz ibiltzen da pixka bat. Orain erremontean hasi beharko dugu. Anaia zaharrena zesta-puntan jokatzen ibili zen Madrilen, Zaragozan... Beste anaiak esku pilotan profesionaletan jokatu zuen... Kirol guztiak bizi izan ditugu beti, baina pilota izan dugu gustukoena.
Imanol SESMA