«Pozik noa nire txikitako taldearen elastikoa jantzi eta dena eman dudalako»
Dima, 1979. Arratiako jokalariak atzean utziko ditu Athleticen emandako 11 urteak eta aro berri bati ekingo dio Pisuergak zeharkatzen duen hiriburuan. Bertan, berriz ere Jose Luis Mendilibarrekin egingo du topo, bere ibilbideko entrenatzailerik inportanteenetakoa, eta aurreko denboraldian Joaquin Caparrosekin talde zuri-gorrian ez bezala, oraingoan izango ditu jokatzeko aukerak.
Ez du urte erraza izan Luis Prietok, dimoztarrak ez baitu aukerarik izan Caparrosekin. Hori dela-eta, profesionaltasunaren eredu den jokalariak Athletic utzi behar izan du. Orain, Mendilibarren esanetara, galdutakoak berreskuratzeko aukera izango du. Talde berriarekin fitxatu eta gutxira egon zen GARA berarekin.
Ziur asko zapore gazi-gozoa izango duzu une honetan, alde batetik, triste Athletic utzi behar izanagatik eta, bestetik, gustura Valladolidek zugan konfiantza jarri duelako?
Bai. Alde biak ditut. Azken batetan, 11 urte egin ditut Athleticen eta pena handia ematen du. Lagun asko egin ditut eta oso une onak igaro ditut, eta Athletici asko eskertzen diot nigatik egin duen guztia. Baina, beste alde batetik, iaz zenbat partida jokatu nituen ikusita, aukera ona agertu zait eta oso pozik noa Valladolidera, bertan bi urtez dena ematera.
Beraz, 11 urte hauetako balantzea oso positiboa da, ezta?
Azkenean denetik eduki dugu, denboraldi onak eta txarrak, baina oraintxe bertan buruan ditudan gauza guztiak positiboak dira. Pozik noa nire betiko taldearen kamiseta jantzi ahal izan dudalako eta Athleticen egon naizenean une oro saiatu naizelako dudan guztia ematen.
Zein da oroitzapenik onena?
Oso une onak bizi izan ditut. UEFAn sartu gineneko eguna, Liejako partida, nahiz eta finalera heldu ez Betisen finalerdia edo Realen kontra San Mamesen jokatu nuen lehen norgehiagoka ahaztezina izango da niretzat. Gero, beste une batzuk ez dira hain onak izan, sufritzen egon gara bi urtez. Hala ere, denboraldi horietatik gauza positiboak ere ateratzen dituzu. Orduan konturatzen zara zer-nolako zaleak dituen Athleticek eta jokalariek dena ematen dutela klubarengatik, hori oso polita da.
Bestalde, jabetzen al zara zure ibilbide pertsonala Euskal Herriko jokalari gazte askoren pizgarri dela, batik bat, umetatik Lezaman aritzen ez direnentzat.
Bai. Pausoz pauso igotzen joan naiz eta ia kategoria guztietan jokatu dut. Maila bakoitzak zerbait ematen dizu eta horrek erakusten du Athleticera heltzeko ez dela ezinbestekoa Lezaman egotea. Badaude beste bide batzuk, eta horra hor, Del Olmo eta Koikiliren kasuak.
Zu zeuk aipatu duzu, iaz ez zenuen kasik jokatu, nola bizi du egoera hori aurreko urteetan titular eta jokalari garrantzitsu izandako batek?
Oso gogorra da. Azkenean, jokatu gabe egon naizen lehen urtea izan da, baina pentsatu behar da ni jokatzen aritu naizen denboraldietan beste batzuk egon direla ni aurten egon naizen egoera berean. Beraz, nire ustez egoera guztietatik ikasi beharra dago eta egoera honetatik ere ikasi dut. Urte gogorra eta zaila izan da, inolako aukerarik edukiko ez duzula ikusten duzu eta hori da txarrena. Azkenean, entrenamenduetara apur bat desmoralizatuta zoaz, jakinik asteburuan aukerarik izango ez duzula.
Bai, ildo horri eutsi diote Cuellarrek eta Expositok, zure egoera berean egon diren bi futbolari, taldea uzterakoan. Biek, entrenatzaileak jokatu ez duzuenekiko izan duen komunikazio falta aipatu dute. Zuk zeuk nola bizi izan duzu?
Bai, haiek bezala. Normala da entrenatzaileak bere taldea edukitzea, baina egia da komunikazio hori falta izan dela. Baina, hori atzean geratu da eta dagoeneko hurrengo urtea dut buruan. Aurreko ahaztu eta ia sasoi berria hobea den.
Badirudi taldeak izan zituen bi urte txar horietan aurpegia ematen ibili zineten jokalari batzuk (zu zeu, Murillo, Sarriegi edo Casas) beste batzuk baino markatuago irten zinetela, nahiz eta zuek urte txar horien erantzule nagusiak ez izan.
Bai, bi urte txar izan ditugu baina, bestalde, ikusi dugu taldeak egoera horiek ere aurrera atera zituela. Dena den, egia da denboraldi horietatik markatuta irten ginela, eta horrekin batera entrenatzaile berri bat etorri da, bere hamaikakoa eta ideia daukana eta horri eusten diona. Hortaz, hainbat jokalari jokatu gabe egon gara.
Orain aro berri bat hasiko duzu, eta berriz ere Jose Luis Mendilibarrekin. Bera al da zure ibilbideko entrenatzailerik inportanteena?
Beno, sekulako zortea izan dut nire ibilbide guztian zehar, oso entrenatzaile onak izan baititut. Hala eta guztiz ere, niretzat Mendi onenetarikoa izan da, urte asko eman ditut berarekin, futbolean hasteko aukera eman zidan berak eta eman didan guztia izugarri eskertzen diot.
Bera han egotea giltzarri izan da, ezta? Izan ere, beste eskaintzarik izango zenuen.
Denetik entzun da. Ni Athleticen erabakiaren zain egon naiz, ia zer esaten zidaten, eta kanpoko gauzak ez ditut begiratu. Gainera, Valladoliden aukera agertu zenean ikaragarri poztu nintzen.
Beñat ZARRABEITIA