Koadrilek girotuta abiatuko dira Karmengo jaiak Markinan
Alarabiga izeneko jaietako panpina alboan dutela, herriko koadrila, ume eta gurasoek jaiei hasiera emango diote udaletxe aurrean. Sabino Pagaegi «Itxoiño» herriko pertsonaia esanguratsuaren pregoia eta beste hainbat ekitaldi izango dira protagonista gaurtik igandera arte Markinan ospatuko diren Karmen Jaietan. Aurten ere, herriko Jai Batzordeak Karmen Txiki eguna antolatu du etziko; umeentzako ekitaldiak izango dira nagusi egun horretan.
Ibai BARRIOS |
Urtero bezala, Karmen jaiak Bizkaiko Markina-Xemein herria kolorez jantziko dute. Gaur hasi eta igandera bitartean, herritarrek zein hurbiltzen den edonork jai paregabeaz gozatzeko aukera izango du, izan ere, prestatu dituzten ekitaldi desberdinek horretarako aukera ematen dute.
Gaur, herriko koadrilak protagonista direla, jaiei hasiera emango zaie udaletxe aurrean dagoen Goiko Portalean. Giroa abiarazi ostean, pregoiaren txanda helduko da. Aurten Markina-Xemeingo Udalak, aho batez, Sabino Pagaegi Meabebasterretxea, Itxoiño izenez ezagunagoa dena, aukeratu du pregoilari. Era horretara, eta Pagaegi eredutzat hartuta, «isilean, musutruk eta onginahi hutsez beharra egiten dutenei» aitortza egin nahi izan die Udalak. 74 urte eta oraindik bizi-bizi dagoen gizona dugu Itxoiño artzain ohia.
Gau partean, musika oinarri duten bi ekitaldi izango ditugu. Alde batetik, 21.30ean danborradak adin guztietako jendea elkartuko du. Bestalde, 23.00etan gazte eta helduek Akerbeltz erromeria taldearen eskutik, dantzaldi paregabeaz gozatzeko aukera izango dute herriko zelaian gaueko ordu-txikietara arte. Beraz, festa giroa ziurtaturik gaurkoan.
Egun handia
Bihar Markina-Xemeingo jaietan egun handia izango dugu. Izan ere, uztailaren 16a, Karmen Eguna, berezia izaten da bertakoentzat. Goizean, 9.30ean, txistularien kalejirak markinarrak esnatuko ditu ziur asko. Ordubete geroago, herriko bandak kalejirari jarraipena emango dio euren erritmo dantzagarriei esker. 11.00etan, Karmengo elizan, eta Udalbatzaren eta Xemein Abesbatzaren eskutik, Meza Nagusia ospatuko da. 12.00etan Aurreskua Goiko Portalean eta ordu erdi geroago Markina-Xemeingo bandaren kontzertua herriko plazan.
Bazkaldu baino lehen, herriko musika eskola prestatutako kalejira ibiliko da kaleak girotzen. Arratsaldean hainbat aukera izango ditugu, izan ere, udal pilotalekuan zesta-punta partidak eta zelaian herri-kirolak izango baititugu 18.00etan. Azken honetan, Floren Nazabal aizkolaria eta Aimar Irigoien harri-jasotzailea, bai eta iparraldeko jokoak ikusteko aukera izango da. Ondoren, orga-joko, lasto-botatze eta ingude-jokoen erakustaldia egongo da. Horrez gain bertso-saioa izango da Uhagon kulturgunean; Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Joseba Artza arituko dira, Olaia Aginaga gai-jartzailea saioaren gidaria izanda.
Gauean, eta Karmen Egunari behar bezalako amaiera emateko, 22.30ean berbena egongo da Goiko Portalean Rua Mayor taldearekin; honek bolero, rantxera, eta saltsa doinuekin jendea dantzan jarriko du. 23.00etan atseden hartzeko beta izango da, Astondoa etxeak su-artifizialen ikuskizuna eskainiko baitu. Ondoren, berbenak aurrera jarraituko du berriz ere.
Euskal kulturak badu tartea Karmengo jaietan, izan ere, horri begirako hainbat ekitaldi antolatu dituzte Markina-Xemeinen, hala nola, zesta-punta eta esku pilota partidak, herri kirolak, erromeriak...
100 urte baino gehiago dituen Bizkaiko Areatza herriko Astondoa piroteknia etxe ezagunak su-artifizialekin kolorea jarriko dio giroari biharkoan. Aitzindariak dira horrelako ikuskizunetan.