GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea | San Andres sariketa

Jokin Eizmendik irabazi du Soraluzeko lehiaketa

Zarauztarrak 40 aldiz berdindu zuen San Andres harria bost minututan; baita Telleriak ere, baina Jokin lanean aurretik aritu zenez, beretzat garaipena.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Jokin Eizmendik irabazi zuen herenegun arratsaldean Soraluzen jokatu zen harri-jasotze lehiaketa. Bertan, San Andres auzoko harriarekin lehiatu ziren. 102 kiloko pisua zuen, eta kirolari bakoitzak bost minutu izan zituen lanean aritzeko.

Lau gazte neurtu ziren lehia honetan, eta ikuskizuna eta berdintasuna ikaragarria izan zen, izan ere, lau kirolariak bi jasoaldiren barruan sartu baitziren. Garaipena Eizmendik erdietsi zuen harria bizkarrean 40 aldiz berdinduta.

Bigarren postuan Telleria II.a geratu zen, eta honek ere 40 jasoaldi eman zizkion harriari. Gaur egun araudiak, horrelakoetan kilorik gutxien pisatzen duen kirolariak irabazten duela badio ere, Soraluzen betiko erara egin zituzten gauzak, eta berdinketa gertatuz gero, lanean aurretik aritzen zenak irabaziko zuela iragarri zuten. Horrelaxe izan zen, azkenean berdinketa izan baitzen, baina zarauztarrak lana lehenago egin zuenez, beretzat izan zen txapela.

Hortik atzerakoak ere ez ziren izan oso aparte, Izeta IV.a izan baitzen hirugarren amaitu zuena, eta honek 39 jasoaldi eman zizkion, beraz lehenengoarengandik jasoaldi bakar batera geratu zen.

Laugarren eta azkena, berriz, Urruzono geratu zen. Bera zen Bizkaiko ordezkari bakarra, eta ez zuen lan txarra egin, nahiz eta azken postuan amaitu. Berak 38 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean, lehenengo biak baino bi aldiz gutxiago. Txapelketa bera, orokorrean oso polita atera zen, eta aurrera jarraitzeko arrazoiak ere badituzte antolatzaileek.

Txintxarri lehiaketa

Alegian, hirugarren aldiz ospatuko da Txintxarri lehiaketa. Datorren larunbatean izango da 18.00etatik aurrera, eta aurreko biekin alderatuta aldaketa batzuk ere izango dira.

Orain arte buruz buruko neurketa izan da, baina aurten Izeta II.a eta Irigoien elkarren aurka jokatzeko apustua eginda dutela-eta, ez dira arituko, biak desafio hori prestatzen ari baitira buru-belarri. Hori dela-eta, antolatzaileek binaka antolatu dute txapelketa hau, eta horrekin batera harri-jasotzaile gazte batzuei aukera eman nahi izan diete. Goenatxo II.a-Eizmendi, Ostolatza-Telleria II.a eta Izeta III.a-Izeta IV.a arituko dira.

125eko zilindro kopa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko dituzte. Azken honekin txanda librean arituko dira, baina beste biekin bikote bakoitzetik bana arituko da. Zilindroarekin aritzen denak ezin izango du Kubikoarekin aritu. Bakoitzarekin hiru minutu izango dituzte lanerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo