Sega | Euskal Liga
Gabirondok ez du hutsik egin nesketan, eta Esnaola nagusitu da mutiletan
J.L. | DONOSTIA
Marialuixa Gabirondo eta Igor Esnaola izan dira Euskal Ligako jardunaldiko bi onenak. Lehengoa emakumezkoetan nagusitu da, eta bigarrena, berriz, gizonezkoetan.
Nesketan ez zen ezusterik izan, eta Marialuixa Gabirondok berriro ere garaipena erdietsi zuen. Gaztelukoa orain arte jokatu diren jardunaldi guztietan garaile atera da, eta oker handiren bat gertatzen ez baldin bada txapela beretzat izango da.
Berak Ligako jardunaldiez gain, Gipuzkoako txapelketa ere lortu zuen, beraz, parte hartu duen guztietan nagusi atera da. Bere atzetik, Garin eta Mazkiaran sailkatu ziren.
Gizonezkoak
Gizonezkoen mailan, orain arte Lizasoren eta Gabirondoren arteko norgehiagoka izan da, baina laugarrengoan Igor Esnaola sartu da tartean, eta berak irabazi zuen jardunaldia. Legorretakoak lan bikaina egin zuen, eta trontzan ez ezik, segan ere oso ongi moldatzen dela erakutsi zuen.
Lizaso sartu zen bigarren postuan, eta orain arte lehen postuan zegoena, berriz, Joxe Gabirondo, bosgarren izan zen. Tartean, Goenaga eta Garmendia sailkatu ziren, haiek izan baitziren hirugarren eta laugarren amaitu zutenak.
Gizonezkoetan sailkapen nagusia estu-estu dago, eta hortxe jarraitzen dute lehian Lizasok eta Gabirondok. Badirudi amaieran txapela bi hauen artean egon daitekeela.