GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Artistak, arte adituak eta irudimen gabeko beste hainbat lapur

Arte garaikidea gure kontura bizi nahi duten «artista» adar-jotzailez josita dagoela pentsatu izan dut beti. Gure isiltasuna da haien alibia, duda barik. Ahoa ixten dugu inozo geratu nahi ez dugulako eta hortaz berbaldi hutsalen konplizitateaz profitatzen dira iruzurra mozorrotzeko. Iruzurgileak atseginak ditut, ez pentsa. Ez, ordea, irudimenik gabeko iruzurtiak. Iñaki LAZKANO

Iñaki LAZKANO

Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakaslea<

Egiara hurbiltzen gaituen gezurra dela artea esan zuen Pablo Picasso-k. Orson Welles-ek ere faltsutzaileak zituen maite. «F for Fake» (1975) filma da pasio horren lekuko. Finean, nork erabakitzen du zer den artea eta zer ez? Hain da lausoa artearen eta iruzurraren arteko muga... Arte adituak ei dira epaile bakarrak. Hala esaten dute, bederen. Elmyr D'Hory faltsutzaileak munduko museo entzutetsuenetan bere koadroak aurki daitezkeela aitortu digu Wellesen sasi-dokumentalean. Matisse edo Picassoren sinadura daramaten pinturak, alegia. Arte adituek irizpiderik ba ote dute, bada?

Arte garaikidea gure kontura bizi nahi duten «artista» adar-jotzailez josita dagoela pentsatu izan dut beti. Gure isiltasuna da haien alibia, duda barik. Ahoa ixten dugu inozo geratu nahi ez dugulako eta hortaz berbaldi hutsalen konplizitateaz profitatzen dira iruzurra mozorrotzeko. Egin gabeko ohe baten gainean izara zikinak, zigarro-mutxikinak, erabilitako kondoiak eta bere kulero odoleztatua sakabanatu eta «artelana» Tate Gallery-n jarri zuen behin Tracey Emin artistak. Turner saria irabazteko zorian izan zen! Museoaren garbitzailearen duda existentzialak irudika ditzaket...

Martijn Hendriks da, beharbada, porlanezko aurpegidun koadrila sasi-abangoardista cool horretako zakil-moko handiusteenetakoa. Sasoi batean, Brittney Spears txolinari bibotetxoak pintatuz asetzen omen zuen gose artistikoa. Orain, ordea, «Give Us Today Our Daily Terror» bideo-instalazioan (www.martijnhendriks.com) buru-belarri dabil morroia. Hitchcock maisuaren «Birds» (1963) filmeko txori guztiak digitalki ezabatuz artelan bat sortzen ari dela konbentzituta dago; bere begirada ikonoklasta, ezerezari diogun beldur ikusezina aitzakiatzat hartuta.

Halakoetan Norman Bates-en falta sumatzen dut, zinez. «Artista» guzti-guztiak dutxan sartu eta performance odoltsu bat egiteko tentazioa. Sarraskiaren ostean, Tabakalerako lorategian haien gorpuzkinak lurperatu eta Bukowskira joko nuke; Janet Leigh ederrarekin olibadun bermuta hartzera. Iruzurgileak atseginak zaizkit, ez pentsa. Wellesek adina ditut maite. Ez, ordea, irudimenik gabeko iruzurtiak. Artista batek berezko ikuskerarik ez duenean, ezer gutxi isla baitezake geure arimaren mihisean. Hortaz, Arregik oparitu zigun Guggenheim megakosmopolita horretan baino, museo bilbotarrari erraiak zikintzen dizkion ibai uherraren ertzean eseriko naiz. Benetako artearen korronteak aurkitzeko itxaropenez. Hitchcocken enara ilunen itzuleraren zain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo