Japoniako zinema beltzaren errepasoa Zinemaldian, «Japonia beltzean» sailaren eskutik
Donostiako Zinemaldian «Japonia beltzean» atzera begirakoa izango da. Saila berrogeita hiru filmek osatzen dute, eta Akira Kurosawa zuzendariaren klasikoak eta beste hainbaten joera berriak izango ditu ardatz.
GARA | DONOSTIA
Aurtengo Donostiako Zinemaldian (irailaren 18tik 27ra arte) «Japonia beltzean» atzera begirakoa ikusteko aukera izango da. Herrialde horretako zinema beltzaren historia laburbiltzen duten berrogeita hiru filmek osatuko dute saila. Aukera zabala bilduko du, zinema mutuaren garaitik hasi eta II. Mundu Gerraren osteko gangsterren zinemaren arrakasta garairaino.
Aukeratutako lanen artean, Akira Kurosawa eta Shohei Imamura zuzendari klasikoenez gain, istorio iraultzaileak sortzeko aitzakiarekin krimen istorioak islatzen dituzten zuzendari modernoenak egongo dira ikusgai. Bestalde, arreta berezia eskainiko zaio Yakuza eiga-ren (gangster zinema) goreneko uneari, hau da, 60ko hamarkadari. Hala, garai hori landu duten zuzendarien lanek garrantzia berezia izango dute. Seijun Suzukiren «Youth of the Beast» (1963) filmak esaterako.
Japoniako zinema beltzarekin batera, Mario Monicelli zinemagile italiarraren lanek osatuko dute Zinemaldiaren edizio hau. Monicelliri buruz aurten egingo den atzera begirakoak genero ezberdineko berrogei film inguru biltzen ditu.
Zuzendariaren obrarik preziatuenak izango dira ikusgai, hala nola, «Il soliti ignoti» (Rufufu, 1958), «La grande guerra» (Gerra handia, 1959) filma, Gassman eta Sordi aktore nagusi zituen Lehen Mundu Gerrari buruzko lan tragikomikoa; «I compagni» (1963), langile mugimenduari buruzkoa; eta «Vogliamo il colonelli» (Koronelak nahi ditugu, 1973) greziar diktadura militarrean oinarriturikoa.