GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hezkuntza Sistema Nazionala sortuko duten kimuen aurrean baikor da EHBE

Euskal Herriak Bere Eskolak «euskal herritar gisa dagozkigun eskubideen berreskurapenean eta herri gisa dagokigun Hezkuntza Sistema Nazionalaren antolaketan zein egituraketan» emandako «urrats atzeraezinak» nabarmendu ditu ikasturtearen inguruko balorazioan.

p013_f02.jpg

Maider IANTZI |

Bukatu berri den ikasturtea «emankorra bezain erabakiorra» izan da Euskal Herriko hezkuntza esparruan. Hala adierazi zuen atzo Euskal Herriak Bere Eskolak. Instituzioetako agintarien jardueraz, ordea, ez zuen gauza bera esan.

Edurne Larrañaga eledunak Euskal Curriculuma osatu izana goraipatu zuen. Hala ere, oraindik lan franko egin behar dela nabarmendu zuen: «Borondatezko jarrera gainditu eta konpromisoen bidez aplikazioari bide eman behar diogu». Bestalde, Euskal Unibertsitatearen egitasmoa martxan dela eta urte gutxiren buruan errealitate bilakatuko dela azaldu zuen.

«Hau guztia ezinezkoa litzateke hezkuntza komunitatea osatzen duten sektore guztien parte-hartzerik gabe eta borondate zintzo osoarekin lanean jardun duten norbanako zein eragilerik gabe», nabarmendu zuen. «Zorionak eta aurrera egiteko adorerik tinkoena. EHBE bidelagun izango duzu, zaudete ziur».

Edurne Larrañagak txanponaren alde ona erakutsi zuen; Ibai Redondok, berriz, txarra. «Administrazioek, beste behin ere, bizkar eman diote Euskal Herriari eta euskal herritarren hezkuntza eskubideei. Hitz goxoak bai, baina atzetik eskubide urraketa», kritikatu zuen.

Horren erakusgarri da eskolak ikasleen %32 soilik euskalduntzea lurralde osoan. «EAEko Hezkuntza Saila 2007ko abenduan hezkuntza ereduak apurtzea eta derrigorrezko eskolaldia amaitzean ikasleek B2 maila (ingeleseko First Certificate azterketan eskatzen den mailaren parekoa) eskuratzea bermatuko lukeen proposamena kaleratzekoa omen zen. Non dago?», galdetu zuen. Irakaskuntzako lan eskaintza publikoan euskarak oraindik ere behar duen tokia ez duela gaineratu zuen.

Nafarroako Gobernuak TIL eta HELLO ingelera eta espainola ardatz dituen ereduak kaleratu dituela kritikatu, eta euskarazko irakaskuntza bermatu gabe ingelesa lehenetsi daitekeen galdetu zuen. Vascuencearen Legea aldatu gabe ezin dela Nafarroa euskaldundu gogorarazi zuen.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, euskarazko irakaskuntzaren eskariak gora egin arren, ministerioak irakasle euskaldunen kontratazioari trabak jarri dizkiola salatu zuen.

Lanbide Heziketaren egoera «larria», indarrean den unibertsitate ereduaren krisia eta estatu espainol eta frantsesaren araberako curriculumak ere izan zituen hizpide.

abiapuntua, jarrita

EHBEk Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde lan «oparoa» egin du ikasturte honetan. Hori «abiapuntua» izan da hezkuntza mugimendu indartsua eratzen jarraitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo