Harri-jasotzea Txintxarri Torneoa
Hiru bikote arituko dira Alegian txapela jantzi nahian
Aimar Irigoien eta Izeta II.a ez dira arituko bihar 18.00etatik aurrera jokatuko den lehiaketan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Alegiako Txintxarri Lehiaketa bihar jokatuko da 18.00etatik aurrera. Aurreko urteetan bakarka jokatu da, baina aurten binaka izango da. Alde batetik, aurten ez dira arituko Irigoien eta Izeta II.a, irailaren amaieran elkarren aurka jokatuko duten apustua prestatzen ari baitira buru-belarri, eta bestetik antolatzaileek aurten gazteei ere aukera eman nahi izan diete, eta horregatik antolatu dute era horretara.
Gauzak horrela, parte hartuko duten bikoak honako hauek izango dira: Goenatxo-Eizmendi, Ostolatza-Telleria II.a eta Izeta III.a-Izeta IV.a. Bikote bakoitzak 125 kiloko zilindro-kopa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabiliko dituzte, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutu izango dituzte.
Zilindroarekin eta kubikoarekin bakarka arituko dira. Bikote bakoitzeko bat arituko da zilindroarekin, eta aritu ez denak kubikoarekin aritu beharko du. Bolarekin, aldiz, txanda librean neurtu beharra izango dute.
Antolatzaileek oso bikote orekatuak jarri dituzte, eta lehiaketa oso berdinduta egongo den errezeloa dute. Hala ere, adituek Goenatxo eta Eizmendi jotzen dituzte faborito, baina gauzak seguru asko estu samar ibiliko dira.
Alegiara joaten direnek, ordea, ez dute harri-jasotzea bakarrik ikusiko, bertan jokatuko baita Gipuzkoako Ingude-altxatze Txapelketa. Parte hartuko duten kirolariak honako hauek dira: Arbizu, Astiazaran, Etxeberria, Mugartegi eta Urrutia. 18 kiloko ingudearekin arituko dira lanean jo eta su.
Harri-zulatzea
Harri-zulatzaileek ere izango dute lehiarik bihar, Ligako beste jardunaldi bat jokatuko baita Santurtzin, bihar, 12.30etik aurrera. Bertan arituko dira lehiaketa honetan parte hartzen ari diren bederatzi taldeak. Liga azken txanpan sartu da, eta ikusmina handia da. Jaizubiak jarraitzen du lehen postuan. Bazirudien txapela Jaizubiaren eta Trapagaranen artean zegoela, Aldai Alde taldeak azkenaldian izan duen beherakada medio, baina azken bi jardunaldietan Burdin Gazteak taldea agertu da.
Ortuellako taldeak lehen jardunaldi ona egin zuen, baina hortik aurrera behera egin baldin bazuen ere, azken bi jardunaldietan irabazi egin du. Hala, orain txapela lortzeko hautagaien artean da; azken bi jardunaldietako mailari eusteko gai den ikusi beharko.
Orain arteko talderik erregularrena Jaizubia da. Saio bakarra irabazi du, baina gainerako guztietan bigarren edo hirugarren izan da, eta horri esker jarraitzen du sailkapen nagusiko lehen postu horretan.