Berezkoak
Sebastien Gonzalezen parte hartzea da Donapaleuko Torneoan izango den berrikuntzarik erakargarriena
J.L. | DONAPALEU
Donapaleuko festen barruan aurten ere jokatuko da berezkoen torneo handi bat. Egun dauden onenetakoak bertan izango dira, hala ere, bi berrikuntza ere izango dira. Hasteko, Sebastien Gonzalezek parte hartuko du. Ezker paretako pilotariak izango du trinketean aritzeko aukera, eta berarekin, atzelari gazte bat, Jannots.
Dudarik gabe biko honek piztuko du interesa, baina ez dira lehiaketan arituko diren bakarrak izango. Beste hiru bikote ere arituko dira. Sorhuet-Ezkurra II.a, Ibarrola-Ozafrain eta Larretxea-Waltari izango dira torneo honetako beste partaideak.
Agusti Waltari kubatarra oraingo honetan ere atzelari arituko da. Normalean aitzinean jokatzen badu ere, lehiaketa ugaritan jartzen dute atzeko lanean. Hor ere nahiko ongi moldatzen da baina, dena dela, nabaritzen da bere lekua aurrean dagoela.
Lehenengo finalerdia gaur bertan jokatuko da Donapaleuko trinketean, 19.30etik aitzina. Bertan Gonzalez-Jannots Sorhuet-Ezkurra II.aren aurka neurtuko dira. Azken hauek aterako dira faborito. Sorhuetek eta Ezkurrak oso biko sendoa osatzen dute, eta oso zaila izango da haiek mendean hartzea. Gainera, Gonzalezek eta Jannotsek eman dezaketen maila ere ikusteko dago.
Bigarren finalerdia, bihar bertan jokatuko da; hau ere 19.30etik aurrera jokatuko da. Ibarrola eta Ozafraion Larretxearen eta Waltariren aurka neurtuko dira. Partida orekatua iragartzen da hau, baina dirua Ibarrolaren eta Ozafrainen alde aterako da. Bi horiek dira binakako txapeldunak baina, hala ere, maiatzaren hasiera hartan zuten sasoi betea une honetan bietako inork ez du.
Larretxea eta Waltarik ere oso bikote arriskutsua osatzen dute baina, kontuan hartu behar da, adorez azkar samar etsitzen duten horietakoak direla. Aurkariak saiatuko dira pilota atzean jartzen; Waltari atzelaria ez dela kontuan hartuta, zuloa hor topatzen ahaleginduko dira.Bi partidetako irabazleek finala asteartean jokatuko dute Donapaleun, 19.30etik aurrera.