Isilpeko sekretua...
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
San Ferminekin batera, amaitu dira Donostiako dFERIA antzerki egunak. Eta, mozkorraldiaren ondorio naturala diren bihotzerre eta depresioarekin batera, azken entzierroaren abiadaz datoz pentsamenduak buru nahasira. Zein da antzezlan bat ona edo txarra izatearen isilpeko sekretua?
Mila aldiz entzun dut galdera hau nire barruan. Madarikazio baten ondorioz, behin eta berriro entzutera kondenatua banengo bezala edota urik ez dagoeneko egarriak jo izan banindu bezala datorkit behin eta berriz. Urak baretuko duen erantzuna bilatzen saiatzen banaiz ere, ez naiz erantzun asegarria topatzeko gai. Zein da sekretua? ...Istorioa? Kontatzen duena al da obraren bizkarrezurra? Istorioa ona denean, ikuslea harrapatzea lortzen du? Ez, ez dut uste hori bakarrik denik. Kontatzen dena garrantzitsua da, jakina, baina testua ez al da beste gauza askoz hitz egiteko aitzakia hutsa? ...Antzezleak al dira? Antzezleak onak badira, istorioak funtzionatu egiten al du? Ez, beti ez da horrela izaten. Antzezleak garrantzitsuak dira, jakina, baina guztia ez dago euren menpe. Zuzendaritza lan on bat al da? Horrek berebiziko garrantzia dauka, jakina, baina ez, ez da hori bakarrik... Eszenografia? Argiztapena? Jantziak? Ez, hauek ere garrantzitsuak badira ere, ez dira ikuskizun baten funtsa. Orduan, zer demontre da?
Ez dakit. Antzerkia talde lana da, elementu askoren arteko loturaren ondorio bat. Eta guztien arteko lotura horrek norbanakoak sortzerik izango lukeen baino gauza ederrago bat sortzeko ahalmena dauka. Beraz, guztien baturak sortutako hori ote da sekretua? Oso zehatza ez bada ere, hori da nire egarria gehien asetzen duen erantzuna. Istorioak garrantzi handia dauka, zerbait kontatu behar du, ikuslearengan arreta pizteaz gainera, beregan aldaketa bat eragin behar duelako. Antzezleek ere, barru-barrutik sentitu behar dute kontatzen ari direna, sinesgarriak izateaz gainera, istorioaren ur sakonetan sartu behar dute, eurak baino handiagoa den ozeanoan elkarrekin boga eginez itsasontzia portura eramateko. Eta zuzendaria kapitaina da, ontziaren irteera, bidea eta portuaz arduratzen den begi handi eta gidaria. Eta kapitainak duen ontzia testuaz, antzezleez, eszenografiaz eta publikoaz sortutakoa da. Eta bere eginbeharra esertokian jesartzen den bidaiaria motibatzea da, berak gidaturiko bidaiak eskaintzen duen ozeano uretan bustitzera. Baina zein da benetan isilpeko sekretua?
Ez dakit. Egun hauetan ikuskizun asko ikusteko aukera izan dugu, baina badago bat bere xumetasunagatik eta bere biluztasunagatik nire ustean aipagarria izan dena. Ia elementurik erabili gabe, guztion beldurra, bakardadea, barrea, miseria eta poza zaku batean sartu eta isiltasunaren erritmo lasaian, heldutasunez eta gizatasunez betetako antzezlan unibertsala eskaini duena. Beckett-en hitzen bidez, antzezle on batzuen bidez eta zuzendaritza heldu baten bidez Peter Brook-ek taularatu duen «Fragments» antzezlanaz ari naiz. Lan ikaragarria, antzerkia bere biluztasunean azaldu duelako. Tranparik gabeko antzerkia eskaini digulako. Berari galdetu beharko isilpeko sekretua non dagoen.