Xabier Silveira Bertsolaria
Dudak, udak aldagaitz bilakatutako mudak
Duda dut ez ote diren bigarren mailako albiste bihurtzen heriotzok hildakoak alkandora laukiduna edo kamixeta fuksia eramatearen arabera. Erran nahi baita -pedanteki- hildako beharginak mesede eskasa egiten diola ekonomiaren bilakaera positiboari
Riiiin, riiiiin. Demagun telefono hotsak riiiiiin riiiiin egiten duela. - «GARA, bai, esan?» - «Eta nola dakit nik GARA dela eta ez Chinchilla kaleko txakur-etxea?».
Duda-mudan ibiltzearen gakotxoak, putadak, badakizue, egunerokoak.
Berdintsua gertatu omen zitzaion aste hasieran, Sevillan, motorrean pasiatzen zihoan norbaiti. Bi segurata ikusi zituen banketxe batetik dirua ateratzen eta dudak erasan zuen. Zer egingo dut, nire bidea jarraitu edo... Eta kaskodun moteroak pistola atera eta dau, dau, dau, sardina bakalau; bat zauritu eta bestea hil. Bolada batean ez du lanik eginen, eta besteak ere ez. Ah, kontxo, motorrean zihoanak ere ez, ze kasualitatea! Lan istripuak izugarri ugaltzen ari dira.
Baina duda dut ez ote diren bigarren mailako albiste bihurtzen heriotzok hildakoak alkandora laukiduna edo kamixeta fuksia eramatearen arabera. Erran nahi baita -pedanteki- hildako beharginak mesede eskasa egiten diola ekonomiaren bilakaera positiboari.
Zeren, gerta liteke, AHTk eragingo duen sarraskiaren gainetik kokatzea txikizio horixe bera burutuko duen enpresaren lokal bati eraso egitea.
Ekainaren 22ko «Argia» aldizkarian argitzen dizkigu gizon argi batek nola hamalau aldiz ilundu daiteken zentzurik eta axolarik ezaren diskurtsoa. Orain, dirudienez, gure lurrak eta bizitza expropiatzearen kontura aberastu nahi duenari alfonbra gorria jarri behar diogu, bere aurrean makurtu eta dena jan. Joño, beraiekin hainbestetan bazkaldu duk jatearen kontzeptu hori edukitzeko? «...zure etxera sartuko banintz/eta guztia txikitu/apustu ezetz bertsotan hasi/eta niri so gelditu». Baina tira, datorren asteko saioan mundua bertsoz aldatuko dugu!
- «GARA, sí, dígame».
- «Me... parece que me he confundido».
- «No, no, tranquilo, si soy Santi Potros, estoy de prácticas en GARA, pero sólo hasta septiembre».
- «Y ese acento tan, tan así de...».
- «Es pa que no se note que soy yo, no vaya a estar el teléfono pinchado y... ya sabes, que me la juego vamos».
- «Vale, vale, pues nada e majo, que me he confundido, que llamaba para poner una denuncia contra el fontanero que le puso el jacuzzi a Iñaki De Juana».
- «Pues es aquí, eh».
- «Mira tú que bien».
Eta behin honaino iritsita, bada, hori, «El Solitario»-ri aurpegia ateratzen hasteko moduan, joder! Abizen euskalduna daukaten ilustre internazional guztiek txunditzen gaituzte, baina honek ez, Arbe ez da euskalduna, de ke! Gu ez gara horrelako jendilajearekiko inolako begikotasunik sentitzeko gai, berak hil (ez zituen) guardia zibilekin, ordea, bai. Zer da lan egin ordez besteon dirua lapurtzen ibiltze hori? Alferra galanta! Edo ez?
Berriro dudak, udak aldagaitz bilakatutako mudak. Berriro galderak, irteerarik gabeko galerak.