Marmitako usain goxoak hartuko ditu Antzuolako jaiak
Antzuolako festak aurrera doaz, eta hainbeste dantza eta saltoren ondotik bat baino gehiago nekea antzematen hasia izango da dagoeneko. Bada, gaur aukera aparta -eta goxoa- izango dute indarberritzeko, marmitako txapelketa izango baita eta prestatutakoa banatuko baitute. Jolas parkea, pilota partidak eta beste hamaika gozagarri ere badago jaien menuan.
GARA |
Goizean goiz hasiko da gaur ere jaia Antzuolan. Kalez kale, auzoz auzo, txistu doinuek dantzara eta festara gonbidatuko dituzte herritarrak. Ordurako gastronomia elkarteak eta bestelako taldeak ere pilotaleku txikian biltzen joango dira marmitakorik goxoena prestatzeko beharrezko osagai guztiekin. Eta berehala hasiko da eltze arteko usain ederra hedatzen.
Bitartean, umeek primeran pasatuko dute herriko plazako jolas parkean. «Balanbike» zirkuitua, «monoziklo» txikiak, puzgarriak eta tatuaje tailerrak izango dituzte, besteak beste.
Eguerdirako bukatua izango dute sukaldari abilek marmitakoa, eta sariak banatuko dituzte. Ondoren, bertaratzen diren guztiei eskainiko diete prestatutako janaria.
Arratsaldean afizionatuek pilota partidak jokatuko dituzte: Amantegi eta López bikotea Muguruzaren eta Iruretaren kontra lehiatuko dira. Onsalo eta Bengoetxea, berriz, Mendizabalen eta Jauregiren aurka. Beste ekitaldi berezi bat ere iragarrita dago herriko plazan: Karoli gizon erruberaren ikuskizuna, hain zuzen. Malabarista, motoziklista, komikoa... Umorea eta errubera elkartzen dituen kataluniarra da Karoli. Errubera motordun baten barrenean, edota 10, 20 eta 30 zentimetroko bizikleta txikietan sartuta, une barregarri eta atseginak pasaraziko dizkio jolaserako gogoz dagoen lagun orori.
Trikitilari gaztetxoak kalejiran ibiliko dira ondotik, inguruko guztiak dantzan jarriz, plazan joko duen Orots taldeak bezala, edota Zurrategin izango diren Klak!son antzuolar eta zumarragarrek, Niet Rocken Gasteizko taldeak eta Elorrioko Malo-k egingo duten gisan.
Bihar ere ez da gozatzeko aukerarik faltako Deba Goienako herri txiki honetan. Kanoiari su emanez hasiko dute eguna, eta ondoren Bergarako bandaren kalejira eta Kiki eta Koko pailazoen ikuskizuna izango dira. Eguerdian, kontzertua emango du bandak, Alfredo González Chirlaqueren zuzendaritzapean. Antzuolako doinuak ere joko dituzte musikari horiek, beste hainbat piezaren artean. Mairuaren Alardea ere izango da herriko plazan. Urteetako ohitura izan da alardea seietan hastea; aurten geroxeago hasiko da, ordea. Salvador Peñak egin du azken urteetan mairuarena, eta omenalditxoa egingo diote.
Oinarin taldearen saioa ere berezia izango da, nesken dantzak eta trokeo-dantzak dantzatuko baititu. Azken hauek lau dantzek osatzen dituzte: makila txikiak, makila handiak, uztai edo arku-dantzak eta zinta-dantza. Makila txikia da guztietan desberdinena, bertako «pausoa» edo «boastitzea» ez dugu beste inongo makila txikian ikusiko eta.
Festazaleek triki-poteoa egingo dute gero herriko trikitilariekin, eta Zurrategin urdaiazpiko, txorizo, entsalada eta gisatu goxoa jang0 dute.
Oñatiko Sospechosos, Arrasateko Never Surrender eta Zarauzko Ipar haizea taldeek, zezensuzkoak, Coctel latino talde nafarrak eta DJ Bull-ek emango diote bukaera egunari. Baina igandera arte ez da jaietako lepokoa kentzeko ordua iritsiko.