Ebidentzia ukatu edo nabarmen geratu
Rodríguez Zapatero buru duen Gobernu espainolak ez omen du GARAn azaltzen diren berrien gaineko iruzkinik egiten. María Teresa Fernández de la Vega presidenteordeak hala adierazi zuen, adibidez, GARAk iazko maiatzean -hots, Barajaseko atentatuaren ondoren- Europako herrialde batean Gobernuaren eta ETAren nahiz PSOE eta Batasunaren artean bilerak egin zirela argitaratu zuenean (2007-6-15/16). Une hartan, De la Vegak, informazioa ukatzeaz gain GARAren sinesgarritasuna zalantzan jarri zuen. Baina, hortik hilabete gutxira, Zapaterok berak onartu behar izan zuen bilera haiek egin egin zirela. Presidente espainolak esan zuenez, Gobernuaren helburua benetako bakea bilatzea ez bazen ere, alegia, beren asmoa akordio politiko justu eta egonkorra erdiestea ez bazen ere, bilera horiek GARAk azaldu bezala gertatu ziren, nazioarteko lekuko eta guzti.
Atzo, Barne Ministerioaren ohar baten bitartez, Gobernu espainolak ukatu egin zuen GARAk salatu duen bere aurkako espioitza kasua. Areago, kasu honetan ez ezik, Polizia espainolak inongo kasutan egunkari honi entzuketak egin dizkionik ukatu du Alfredo Pérez Rubalcaba buru duen Ministerioak. Beste behin ere -torturekin bezala, gerra zikinarekin bezala...- Gobernu espainolak euskal herritarren gehiengoarentzat agerikoa dena ukatu nahi du.
Tamalgarriena zera da: azken hamarkadetan espainiar agintari, komunikabide eta intelektualek Euskal Herriari dagokionez gauzatutako politikaren ondorioz, gaur egun espainiar gizartearen zati handi batek euskal herritarren kasuan tortura, gerra zikina edota espioitza zilegi direla uste du. Gobernuari eskatzen dioten bakarra egitate horiek ukatzea da. Bien bitartean, arestian esan bezala, euskal gizartearen gehiengoak ondotxo daki gertaera horiek uste baino ohikoagoak direla eta arduradunak egitate horiek ukatzen dituzten horiexek direla. Hartara, guztiontzat begi-bistakoa dena ukatuz Gobernu espainolak lortzen duen gauza bakarra nabarmen geratzea da. Gainera, iaz bezala, denborak GARAk argitaratutakoa egia dela erakutsiko du.