Oinarrizko eskubideak mugatzeko lege eta guzti, Aita Santua heldu da Sidneyra
GARA |
XXIII. Gazteriaren Nazioarteko Jardunaldiei hasiera emateko helburuarekin heldu zen atzo Aita Santua Sidneyra, milaka fededun zain zituela. Bere bisitak zalaparta piztu du Australian, bere jarraitzaileen «segurtasuna bermatzeko» bertako agintariek herritarren oinarrizko eskubide batzuk mugatu zituztelako. Azkenean, justizia australiarrak bertan behera utzi ditu artikulu batzuk, baina zenbait lege berezi indarrean utzi ditu.
Benedikto XVI.a itsasontziz iritsi zen Sidneyko portura, segurtasun zerbitzuko 13 ontziz lagunduta. Opera House eraikin famatua igarota, 150.000 fededunek harrera beroa egin zioten Aita Santuari, bandera eta oihu artean. Sarrera ikusgarri horrek jarraipena izan zuen Benedikto XVI.ak lehorrera egin zuenean, bertan, soilik goi-mailako agintariei eskaini ohi dieten dantzaren erakustaldia egin baitzioten indigenek. Beraiekin elkarrizketatzeko aukera ere izan zuen Erromako ordezkari nagusiak, dantza eskaini zioten Garigal-eko indigenak Sidneyko portuaren zati baten jabe baitira. Etnia horretako kideek opariak eman zizkioten Benedikto XVI.ari eta berriro itsasontzira igo baino lehen, agerraldi publikoa egin zuen bere jarraitzaileen aurrean. Hau izan da Aita Santuak jaso duen lehen omenaldia, igandean Australiara heldu zenetik.
Datu ofizialen arabera, Benedikto XVI.ak 350.000 bat fededun izan zituen zain Sidneyko kaleetan. Bertako apezpiku eta Eliza Katolikoko ordezkariez lagunduta, Aita Santua Sidneyko herritarrak agurtzen ibili zen, Gazteriaren Nazioarteko Jardunaldiei hasiera eman baino lehen. Bi edo hiru urterik behin egiten diren jardunaldi hauek gazteen artean katolizismoa bultzatzea dute helburu. Sidney izan da aurtengo topalekua, baina urtez urte mundu osoko hiri ezberdinek hartzen dute ospakizuna antolatzeko ardura.
Kamisetak saltzea debekatuta
Australiar guztiek ez dute Aita Santuaren bisita pozez hartu. Horren adibide argia da azken egunotan herrialdean sortu den iskanbila. Izan ere, bertako agintariek herritarren oinarrizko eskubide batzuk mugatzeko «lege bereziak» onartu zituzten, Benedikto XVI.aren jarraitzaileak «babesteko» aitzakian. Azkenean, Australiako justiziak lege berezi horietako batzuk bertan behera uztea erabaki du, hain zuzen ere, «Konstituzioaren aurka» egiten dutelako. Lege berezi horietan, adibidez, 5.300 euro inguruko isunak aurreikusten zituzten katolikoen aurkako mezuak zabaltzeagatik.
«Aita Santuari ez» izeneko koalizioak bisita horren aurkako jarrera du, eta lege berezien aurkako helegitea aurkeztu zuen. Justiziak zenbait lege baliogabetu baditu ere, herritarrek beren iritzia askatasunez adierazteko mugak izaten jarraituko dute. Esaterako, debekatuta dago Aita Santua edo katolizismoaren aurkako kamisetak saltzea. Hala ere, antisorgailuak banatzea ez die galarazi justiziak.
Larunbat honetarako, homosexualitatea, abortua, hiesa eta antisorgailuei buruz Eliza Katolikoak duen jarrera salatzeko manifestazioa antolatu dute Aita Santuari ez» koaliziokoek.