GARA > Idatzia > > Kirolak

UR jokoak Euskal Selekzioa BALONMANO Fichaje

EAEkoa ez den kirolaririk ez dela egongo salatu dute

ESAITek jakitera emandako datuen arabera, Uribe Kostan lehiatuko diren Ur Jokoetan parte hartuko duen selekzioak ez du Euskal Herria aintzat hartuko

GARA | BILBO

Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak, ESAITek, agerraldia egin zuen atzo Bilbon, salatzeko Atlantikoko Ur Jokoetan parte hartuko duen euskal selekzioa ez dela Euskal Herri osoko kirolariez osatuko. Izan ere, bihartik aurrera, eta uztailaren 25a bitartean, Getxo eta Sopelako uretan lehiatuko diren proba hauetan -15 lurraldetako taldeek parte hartuko dute- ariko den euskal selekzioan soilik EAEko ordezkariak egongo direla argitu zuten eta, gainera, Ipar Euskal Herriko kirolari batzuk, Akitaniarekin lehiatzea, beste erremediorik ez dutela izango.

Horiek horrela, ESAITeko Martxel Toledo eta Egoitz Askasibar, Eneko Acero surflaria lagun dutela, egoeraren gainean jardun ziren Bizkaiko hiriburuan. Beraien ustez, «Hanburgoko kirolariak Alemaniako selekziotik kanporatzea ulergaitza izango litzaigukeen moduan, ezin dugu ulertu nola baztertu daitekeen euskal selekziotik kirolari lapurtar edo nafar bat. Bazterketa hori ekiditeko inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dugu Euskal Herriko lurralde guztietako kirolariak batuko dituzten kirol egiturak, Euskal Herriko Federazioak, sortzea. Soilik Euskal Herriko Federazio nazionalek bermatuko dute euskal kirolarien bazterketarik ez egotea».

Gaur egun, Ipar Euskal Herrian ur jokoetan maila handia duten kirolariak daudela azpimarratu zuen, besteak beste, belaontzian aritzen den Amaiur Alfaro, Simon Marchand eta Damien Castera surflariak eta Timotheeé Craignou 2004. eta 2005. urteetan long board diziplinan Europako txapeldun, eta gaur egun Europako txapeldunorde dena, eta munduko rankinean bederatzigarren.

Elkarretaratzea bihar Areetan

Bazterketa horri amaiera emateko, euskal selekzioen aldeko iritzi taldeak honako hausnarketa plazaratu zuen: «Euskal Herriak aurrerapausoak behar dituela, baturaren eta ez bazterketaren norabidean. Atxikimendu asketik abiatuz, selekzioetan parte hartu nahi izango luketen kirolariak bilduz. Eta horretarako, bazterketarik eragingo ez duten kirol egiturak, federazio nazionalak, behar ditu Euskal Herriak, Euskal Herri osoko kirolariak bilduko dituzten kirol federazioak».

ESAITen ustez gainera, «irakurketa honek ur jokoetan egon behar du». Helburu hori lortzeko, Ur Jokoetan hainbat «ekimen informatibo» egingo dituztela jakinarazi zuten eta bihar, 20.00etan Areetako Xake plazan, egingo duten elkarretaratzera joateko deia egin zuten. Beraien esanetan, «ekimen hau ez da inoren kontrakoa, baizik eta Euskal Herria bertan egon beharko lukeela uste duten guztien parte-hartzea bideratzearen alde, kirolarion eta euskal herritarron eskubidea delako».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo