GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

LE JOURNAL | Jone Josié 2008/7/30

Euskara museorako hizkuntza al da?

Frantses Konstituzioaren aldaketa dela, azken hilabete hauetan gertatzen ari den Hizkuntza gutxiagotuen inguruko eztabaidaren segidak, 75. artikuluan hizkuntza gutxiagotuen aipua eranstea ekarri du. Haatik, zuhurtziaz jokatu behar dugu, horrelako artikulu bat eransteak ez baitu eragin handirik ukango, euskara ofiziala izatera iristeko lehen urratsa bigarren artikulua aldatzea baita eta azken hau, indarrean gelditzen dela argi gelditu da. «Hizkuntza erregionalak Frantziako ondare»-tzat onartzeak, ez du hizkuntzen normalizazioa eragingo, ez eta hizkuntza eskubideen bermea ekarriko. Ez du eskubide berririk ekarriko, ondorioz hizkuntza erabiltzerakoan oztopo ber-berak jasaten segituko dugu eta horrela aitortu zuten diputatu eta senatariek berek ere, Kongresuan bozkatzerakoan. Oro har, iruzurra besterik ez da, aldaketaz mozorrotutako itxurakeria! Frantziako estatuak bere politika glotozidei eusteko bidea ematen dio Konstituzioan egindako aldaketa honek.

Honetaz gain, gure hizkuntzak Frantziako ondare bezala ikusten dira, edozein museotan atzeman daitekeen altxor baten moduan, edota ekoizpen gastronomiko gisa, «produit du terroir» gisa alegia. Haatik, gure hizkuntzak berezkoak dira, eta errespetua zor zaie, ez dira museoetan biltzekoak (...).

NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak Frantziako estatuari Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna betetzearen inguruan eginiko gomendio berriak argitaratu zituenean, «Berdinasunaren» printzipioa auzitan eman zuen, eskubide kolektiboen eta gutxiengoen aitorpenaren beharra agerian utziz. Hartara, gomendioa egin zioten Frantziako Konstituzioak gutxiengoen inguruan duen jarrera berrikusteko, Konstituzioan gutxiengoen edo eskualdeko hizkuntzen aitortza formala bideratu dezan berdintasunaren izenean diskriminaziorik ez dezan gehiago eragin.

Kasualitatea ditake, Frantziak kolpez, Konstituzioan aipua erantsi nahi izatea? Burua xuritzeko? Hizkuntzen alorrean borrokan dabiltzan erakundeak isilarazteko? Zer esan «Liberté, égalité fraternité» leloaz? Askatasunik ote dugu gure hizkuntza normaltasunez erabili ahal ezin badugu, hau da, administrazioaren aurrean, justizian, alor sozioekonomikoan...? Berdintasunari doakionez, zerik esan badugu, eskubide berdinak ez ditugularik eta berdintasunaren aitzakiaz gure hizkuntza diskriminatzen delarik! Eta elkarbizitza? Nola bultzatu elkarkidetza, hizkuntza bakarra delarik ofiziala eta bestea museotan biltzekoa? Elkarbizitza zaila da inor menperaturik bizi den bitartean. Euskara bertakoa da, berezkoa, ez da beste inongoa. Erabiltzen duen herritarra ere hemen bizi da eta hori ezin du inork aldatu, bere eskubidea da. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo