GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zuraren tristura

Gogoratu nahi ez dudan herrialde bateko monarka bat Lambrettatik jausten ikusi nuenetik ez dut hainbeste barre egin; barre gaiztoa zen, onartzen dut. Hala ere, barregura motza izan zen, motoaren kolpea ikusi artekoa baino ez. Harrezkero urte franko pasatu dira algararako motibo handirik ezean, politika esaten dugun zer horretan behinik behin. Baina, aitortzen dut, egunotan berriro itzuli zait barrea ezpainetara, jelkideen kontura itzuli ere; euskara ere, aho-bazterrei ezpaina esatea! Tira, horiena bai ateraldi sorta xelebrea! Barrena lehertzeko bestekoa! Horra azkena, beheko estatuko presidenteari ez diote txeke zuririk emango. Ateraldi barregarria denik ez ukatu gero! Txeke zuria zelan emango, bada, gero ezin izango baitu hiriburuan kobratu eta! Ondo beteta joango da txekea, ordaindu beharreko guztia ondo azalduta, zeinek zeini zenbat eta non; sinadura eta guzti. Alderdiaren urteurrena ospatzen duten bakoitzean adi-adi egoten naiz belarriak irratiari itsatsita, tente, belarriak erne ditut orain, unean uneko EBBko buruak nondik aterako zain. Eta oraingoan nondik eta ekonomiatik atera da, ekonomia utzi gabe, beheko estatuarekiko menpekotasuna murriztu nahi dutela, krisiari aurre egiteko. Hauxe kolpea! Krisi ekonomikoa ate joka izan behar dute euren ateetan menpekotasun hori murriztu nahi izateko! Euriborraren abiadak bultzatuko ote ditu jelkideak burujabetasunera? Kapaz. Eta euriborrak behera egitean berriro menpekotasun onartura? Kapaz ere. Dena dela, hango sozialisten menpean izan edo hemengo jelkideen menpean izan, berdin; sagarra baliatuta grabitatearen legea asmatu zuenak zioenaren antzera esanda: ezin da krisi bat gainditu krisia sortu duen pentsaera beretik, ez ekonomikoa, ez politikoa, ez klima aldaketarena.

Tira, eremuz aldatuta, egurra buruan orain. Bere bizitza Etiopiako nekazari xume baten ahoan zotz amaitu zezakeen, betekada baten ostean. Baina ez zen horrela amaitu baso haren zuhaitzeko zur hura. Baserritar baten aizkoraren burdinan ezpal amaitu zezakeen, betekada baten aurrean. Baina horrela ere ez zuen berea amaitu zur hark. Durangoko udaletxeko balkoian, bazterrean bada ere, masta amaitu zuen, piper-potoari haizearen menpean eutsiz. Zur gizajoa, baso utzi horretan amaitzeko! Sute batek kiskali izan bazintu, sikiera! Zura gogoan joan egin zait barregura, ezpainetik joan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo