GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Eta oraindik gehiago sartu nahi dute

Ziur asko, «afgansi» sobietar-ohi arruntetako inork ez du aparteko irrikarik edukiko urteurrenak ospatzen aritzeko (Afganistanen murgiltzen hasi zirenekoaren 30. urtebetetzea oraintxe bertan da, bete-beteko esku-hartzea 1979ko abenduan gertatu bazen ere; eta behin betiko irten zirenekoaren 20. urteurrena datorren otsailean beteko da) eta, beraz, haiek lagunartean esan dezaketena nekez iritsiko zaigu. Baina abentura haren goi arduradun militar errusiarrak (I. Rodionov, B. Gromov eta beste hainbat) oraindik bizi direnez, eta behin edo behin elkartuko direnez, apustu egingo nuke baietz asmatu zein den beraien arteko esapiderik errepikatuena topo egiten duten bakoitzean: «Babo arraio hauek ez dituk guretik ezer ikasteko gauza izan! Na zdorovje!».

2001eko udazkeneko inbasioa zazpigarren urtea betetzear denean, Mendebaldeko agintari eta agintarigai guztiak Afganistanen militarki gehiago murgildu beharra aldarrikatzen ari zaizkigu. Azkena Obama, handioski, Kabulen bertan, duela bi aste. Baina haren aurretik ildo berean mintzatu dira Sarkozy, Brown, Merkel,... «bestela, gerra hori galdua dugu», aditzen zaie ahapeka. Liztortegian gehiago tematuta emaitzari buelta eman eta «nazioartearen aurrean ohorea salbatzerik» balego bezala. Baboenek, aldiz, «terrorismoaren aurkako gerra» kronikoaren mantra sinetsi egiten dutela ematen du. Breznev eta konpainia ondu egingo dituzte hauek.

Inbasioaz geroztiko hilabeterik odoltsuenak (gutxienez 260 zibil hil dira uztail honetan, besteak beste, eta NATOren bajak biderkatzen ari dira) ageri-agerian ipini duen egitatea ikusteko gauza ez balira bezala. Alegia, duela mende bete amaitu bide zen Great Game haren jokaleku berberean, Afganistanen, beste Lehia Handi bat jokatzen ari direla inguruko potentzia guztiak. Eskura dituzten guztiekin.

Uztailaren 7an, bonbatzar batek suntsitu zuen Indiak Kabulen zuen enbaxada. Mezu argia zen, Delhiko agintarientzat ez ezik haien haur besoetakoa bihurtzen ari den Karzairentzat ere. Indiak, noski, pakistandar zerbitzu sekretuen juzgu egin zuen segituan, hamabost egun geroago Bangaloren eta Ahmedabaden jazotako sarraskien kasuan bezalaxe. Ez dira susmo hutsalak nonbait: AEBetako inteligentzia zerbitzuek ere aitortu dute ISIaren inplikazioa Kabulgo erasoan. Baina, hala ere, sortu berri den Pakistango Gobernuak atzera egin behar izan du «bere» zerbitzu sekretu militarrak zibilen kontrolpean ipintzeko asmoan...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo