SEGA | Nazioarteko era
Lizaso eta Gabirondo izan dira Ligako txapeldunak
Asteasukoak eraman zuen gizonezkoetan txapela, eta Gaztelukoa izan zen, berriz, onena nesketan
Jon LEUNDA | OIARTZUN
Azkeneko jardunaldian ez zen aldaketarik izan, eta hori hasi aurretik bezalaxe amaitu da Euskal Herriko nazioarteko erako liga. Lizaso izan da txapelduna gizonezkoetan, eta Gabirondo, berriz, emakumezkoetan.
Bi txapelketa hauetako emozioa gizonezkoen jokoa zegoen, emakumezkoetan dena erabakita baitzegoen. Mutiletan, azkeneko jardunaldira puntu bakar baten aldearekin heltzen ziren Lizaso eta Gabirondo, eta hirugarren eta bosgarren posturako ere aldeak oso txikiak ziren.
Amaieran, ordea, Lizasok lortu zuen garaipena azkeneko jardunaldian ere, eta horrekin batera baita Liga ere. Gabirondo izan zen bigarren, baina azkeneko jardunaldi honetan erabateko nagusitasuna erakutsi zuen Asteasukoak, eta azkenean beretzat izan da txapela.
Hirugarren posturako ere lehia handia iragartzen zen. Puntu baten barruan zeuden Altzo eta Lasa, baina Zaldibiakoak jardunaldia hirugarren amaitu zuen, eta Lasak nahiko atzean, eta Altzok osatu zuen mutilen podiuma.
Nesketan dena erabakita zegoen. Zerbait handia gertatu beharra zegoen Gabirondok txapela ez janzteko, eta ez zen gertatu. Jardunaldian ezustea izan zen. Gabirondo orain arteko saio guztiak irabazita zetorren, baina azkeneko jardunaldian Garinek aurre hartu zion.
Sailkapen nagusiko postuez gain, segalari txukunenen sariak ere banatu zituen antolakuntzak. Mutiletan, Igor Esnaolak eraman zuen sari hori etxera, eta emakumezkoetan, berriz, Arrate Garinek. Bi kirolari hauek liga bikain bat egin dute, eta amaieran sari bat, behintzat lortu dute.
Almitza elkarteak apustu handia egin zuen aurten lehen aldiz nazioarteko erako liga bat antolatuz. Garbi dago gauzak beti hobetu daitezkeela, eta hemen ere bai; baina lehiaketa ongi joan da orokorrean, eta kirolariak gustura aritu dira herenegun Oiartzunen bukaera eman zitzaion ligan.