GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Behin eta berriz errepikatuko dugu ezin izan gaituztela eta ezingo gaituztela gelditu»

Udaran zehar euskal udalerrietako jaietan egiten duten bezala, gazte independentistek ostiral iluntzean ekitaldi politikoa egin zuten Azpeitian, Saninazio jaien karietara. Ehunka gaztek egin zuten bat independentziaren eta sozialismoaren aldeko aldarrikapenarekin.

GARA |

Ehunka gaztek hartu zuten parte ostiral iluntzean, Saninazio jaien barruan, Azpeitiko txosnagunean gazte independentistek egin zuten ekitaldi politikoan. Udararo bezala, independentziaren aldeko aldarria euskal udalerri guztietara eramaten dihardute hilabeteotan.

Gaueko 23.00etan hasi zen Azpeitiko jaien txosnagunean gazte independentisten ekitaldia. Oholtza gainera igo ziren bi bertsolarik eman zioten hasiera, eta, ondotik, Lezon ospatu zen Gazte Topagunea´08ko bideoa proiektatu zuten pantaila handi baten bidez. Jarraian, Azpeitiko gazte batek hartu zuen hitza, jaien testuingurutik abiatuz egoera politikoan erreparatzeko.

Euskal Herri berria eraikitzeko

Hala, hizlariak gogor salatu zituen euskal gazteriaren aurka azken hilabeteotan egin dituzten polizia operazioak, atxiloketak eta espetxeratzeak.

«Poliziaren eskuetatik pasa diren gazte hauen delitua oso sinplea da: Euskal Herri berri bat eraikitzeko gogoz antolatzen dira eta gara, Euskal Estatu Sozialista lortzeko antolatzen eta borrokatzen gara... eta horregatik etortzen dira kolore guztietako txakurrak gure etxeetara», azaldu zuen gazteak.

Estatuen errepresioaren xedea «etsitzea, beldurrez bizitzea eta ezinaren eraginez borrokatzeari uztea» dela arrazoitu zuen azpeitiarrak, baina jarraian tinko gaineratu zuen: «Behin eta berriz errepikatuko dugu ezin izan gaituztela gelditu eta ez gaituztela geldituko!».

Gazte independentisten ustez, azken hilabeteotan izandako errepresio gorakadaren funtzioa argi geratu da: euskal independentistak «jokoz kanpo» uztea PSOEk eta EAJk «beren iruzurra gauzatu ahal izateko». Horren aurka gazteek lanean jarraitzeko deia berretsi zuten ekitaldi amaieran.

urriaren 25a

«Zatiketari, ukapenari eta menpekotasunari ezetz esateko!», gazte independentistek urriaren 25erako deitu duten Independentzia Egunean parte hartzeko deia ere egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo