GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak

Binakako txapeldunek ez dute barkatu Masterrean

Patrick Ibarrolak eta Patric Ozafrainek azkenengo kintzeetan erabaki dute txapela

p038_f01.jpg

SORHUET-ETXETO 46

IBARROLA-OZAFRAIN 50

Jon LEUNDA | BAIONA

Patrick Ibarrola eta Patrick Ozafrain izan dira aurtengo denboraldiko bikorik onena, hori da behintzat emaitzek erakusten dutena. Binakako Txapelketa eta Masterra dira binaka jokatzen diren lehiaketarik garrantzitsuenak, eta bietan garaile atera dira.

Aurtengo Baionako Masterra gogoangarria izan da. Bai finalerdiak, bai eta finala ere oso onak izan dira. Sorhuet eta Etxeto ziren atzo irabazteko faborito, baina Etxetok eskuetako arazoak zituela eta kili-kolo zebilela jakin zenean, dirua Ibarrolaren eta Ozafrainen alde jarri zen hasi aurretik.

Hala ere, Thierryk ez zuen partida txarra egin, nahiz eta batzuetan beldurrez sartzen zen pilotari ematera. Neurketa oso orekatua izan zen. Ibarrola eta Ozafrain aitzineratu ziren hasieran, eta 27-27 adostu arte horrelaxe aritu ziren. Aitzinetik bai, baina beti alde txikiekin, eta berdinketaren ostean, Sorhuet eta Etxeto pasa ziren agintzera.

44-44 berdindu zutenean, hurrengo kintzetan oreka izan zen nagusi, baina orduan Sebastien Sorhuet giharretako arazoekin hasi zen, eta orduan heldu ziren komeriak.

Partida amaitzeko gutxi falta zen eta Pausuako aurrelariak neurketaren amaierara arte kantxan egon nahi izan zuen. Hala, egin zuena horixe izan zen, kantxan egotea, ez baitzen korrika egiteko gauza, eta azkeneko kintzeetan Etxeto bakarrik aritu zen. Sorhuet ez zen ezer egiteko gauza, aurrealdean kokatu arren.

Ibarrolak eta Ozafrainek hori ez zuten barkatu, eta geratzen zitzaizkien lau tantoak bata bestearen atzetik egin zituzten. Horrenbestez, Masterreko txapela lortzeko modua egin zuten, final bikain bat jokatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo