GARA > Idatzia > > Kirolak

Bela

Ikastaroak itsasoan, ekimen bat gehiago horrelakoei «berezi» izenondoa gainetik kentzeko

Gutxitasun ezberdinak dituzten pertsonak bildu zituen aurreko astean Getxoko uretan egin zen Bela Ikastaro Egokituak. «Arazoak ez ditugu belaontzian, ontzira iritsi baino lehen baizik», diote arduratuta antolakuntzatik. Zer pentsatua eman beharko liguke honek, ezta?

p037_f01_555x555.jpg

Imanol SESMA

Geroz eta ekimen gehiago antolatzen da gutxitasun fisikoak eta intelektualak dituzten pertsonentzat. Hala ere, jendarteak Joku Paralinpikoak bezalako ebentu erraldoiak ere kirolari jakin batzuentzat antolaturiko ekimen berezitzat dauzka orokorrean. Adecco Fundazioko Arrate Gartziaren ustez «horrelakoetan parte hartzen dutenek gutxitasunen bat dute baina pertsona guztiak bezala, kirola egin eta lana lortzeko gai dira», eta jendea horretaz konturatu eta hauek egiten dutena baloratzera iristeko kirol egokituak eta antzekoak ezagutarazi eta normalizatzea beharrezkoa dela dio. Horrela, azken helburua lortu ahal izango litzateke: jendartean gutxitasunen bat izan eta egungo azpiegiturengatik arazoak dituztenen inguruko sentiberatasuna zabaltzea.

Gutxitasunak dituzten pertsonak lan munduan barneratzea helburu duen Adecco Fundazioa asmo horrekin hasi zen hauentzako ikastaro egokituak antolatzen: «Iaz multikirolak antolatu ziren Bizkaian, eta aurtengoan bela ikastaroa. Uste dugu kirolarekin asko laguntzen dela elkarlana, norbanakoaren autonomia, kemena eta horrelako gaitasunak lantzen, eta hauek onuragarriak dira egun batean lan munduan barneratu nahi duen edonorentzako». Ez da ahaztu behar partaide hauek «elbarritasun bat edo beste» dutela eta normalean ez dutela kirola egin edo horrelako ikastarotan parte hartzeko aukerarik izaten.

Ekimen hau zabaltzera emateko beharrezkoa den bultzada mediatikoa eskeiniz Jose Luis Korta patroia, Iker Kamaño txirrindularia, Iker Fuentes surflaria, Mikel Unanue pilotaria, Bilboko Athletik futbol taldea, Maribel Salas eta Sol Maguna aktoresak, Asier Ormaza aktorea eta beste hainbat pertsona agertu ziren aurkezpenera, tamalez ez baita bere kabuz jakinmina sortu ohi duen ekimen horietariko bat.

belaontzian ondo, bidean zailtasunak

Dena arazorik gabe joan da aurrera eta Getxoko ikastaroan parte hartzu dutenak «oso gustura» ibili direla nabarmentzen du Arratek «denontzat esperientzia positiboa» den honetan. Gutxitasun intelektualak, down sindromea, espina bifidoa eta orokorrean gutxitasun organikoak dituzten adin ezberdinetako pertsonak dira Bizkaiako ekimen hontan parte hartu dutenak eta zentzumenezko gutxitasunak dituztenak ere badira Euskal Herrian zehar burutzen ari diren beste ikastaro batzutan. Antolakuntzatik argitzen denez «ikastaro irekiak dira elbarrituentzat», bereizketarik gabe.

Bela ikastaroarekin gutxitasuna duten pertsonei ontziak erabiltzeko beharrezko formakuntza eskeintzea aitzakiatzat hartuta pertsona hauek erakusten dituzten bizigogoa eta arazoei aurre egiteko kemena ezagutaraztea asmo nagusienetariko bat izanik partaideak «sekulako gogoa» erakustsi dutela dio Arratek: «Asko eskertzen dute horrelako ikastaroak antolatzea». Ikastaroko egun bakoitzean zehar arlo teorikoa lantzeko ordu bat, ontzia montatzeko beste bat eta itsasoan ibili eta ontzia hasierako egoeran uzteko bi ordu izan dituzte.

Hala ere, antolakuntzatik gaineratu dutenez «arazo handienak gurpildun aulkietan ibiltzen direnek dituzte akzesibilitate kontuekin». Deigarria da hauek itsasoan lurrean baino erreztasun handiagoz mugitu ahal izatea. Eraikigabeko eremu batean, artifizialki eraikitako batean baino erosoago mugitu ahal izatea. «Belaontzira sartu orduko ez dago arazorik. Arazo nagusiak itsasoratu aurretik izaten ditugu muga arkitektonikoen, eskaloi ezberdinen eta antzekoen ondorioz», dio Arratek honen inguruan. Jende askok kontu hauengatik egunerokotasunean ezer ez pairatzeko suertea dauka, baina oztopo txiki hauek norbanako batzuentzat bihurtzen diren mugaz «gizartea ez dago oso sentsibilizatuta» bere esanetan. Egotekotan, Getxon egindako bela ikastaroko arazo nagusiak horiek direla dio baina zorionez bere ustez «ez dira oso larriak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo