Amets Arzallus, Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta eta Aitor Renteria «Txato» Bertsolariak
Agian, menturaz eta ontsalaz
Berriz ere Frantziak erabateko mespretxua erakutsi du hizkuntza gutxituekiko, oraingo honetan Senatuaren eta Frantziako Akademiaren eskutik. Euskara hilzorian da Ipar Euskal Herrian eta ehorzketa aitzinatu nahi balute bezala, Frantziako ondarearen parte izatea aitortu diote euskarari. Aipamen horrek ez dio lege babesik ematen euskarari, ez dio neholako eskubiderik aitortzen ez hizkuntzari, ez euskaldunei. Eiffel dorreak eta Louvre museoak, ederrak izanagatik, ez dute eskubiderik.
Eskubideen gainetik, Frantziako hizkuntza bakarra frantsesa dela dio Konstituzioak. Bitartean, egunerokoan euskaraz egin ahal izateko trabak baizik ez ditugu atzematen, ezina eta debekua. Euskaldunok frantsesek dituzten hizkuntza eskubide berak behar ditugu eta aitortza hori zor digu Frantziak.
Berdintasuna aldarrikatzen duen errepublikak, sinetsiko badu aldarrikatzen duena, bere hizkuntzari aitortzen dion hein eta babes bera onartu behar dio euskarari.
Eusko Jaurlaritzak eta EEPk egindako inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argi erakutsi dute euskararen gainbehera larria eta jarraikia dela. Agian, menturaz eta untsalaz egoera aldatuko dela dio EEPk, helburu eta eperik finkatu gabe. Funtsean hori da egin dezaketen gauza bakarra, lege mailako aitormen ezak errealitate gordina erakusten duelako, Frantziaren borondate eza.
Ez gaituzte tronpatuko. Urte eta hamarkadetan euskararen ofizialtasuna eskatu du euskalgintzak, gure hizkuntzaren biziraupenerako oinarrizko eta gutxieneko urratsa delako.
Nazio Batuen Erakundeak ere ofizialtasuna aitor dezan eskatu dio Frantziari. Frantzia oraindik entzungor. Eta mespretxuaren gainetik, mespretxua, jakobinismoaren aurpegi erradikalena erakutsiz berriz ere.
Frantziak iragarri du hizkuntza gutxituen legea aztertuko duela 2009an. Dagoeneko diputatuek eta senatariek jakinarazi dute ez dutela ofizialtasunik aitortuko. Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna ez dutela berretsiko jakinarazi dute gainera. Eta bitartean, euskaldunok isilik?
Egoera beltzenetan karrikara jotzeko adorea ukan du euskalgintzak. Elkarretaratzeak egin dira, Deiadarrak. Baina oraingoan beha dago euskalgintza. Alta, garairik badago euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko, hau da momentua. Eragileok sudurra altxatu beharko dugu eguneroko ildoen kudeaketatik etorkizunaz arduratzeko. Ofizialtasunak ez du euskara salbatuko, baina ofizialtasun ezak ehortziko du. Gure esku dago.