GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Biarritz eta Aviron prest daude denboraldiari ekiteko

Bi taldeak ahalegindu dira taldea ahalik eta gehien indartzen, eta hainbat aldaketa iragarri dituzte

p035_f01.jpg

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Hiru aste falta dira Top 14a abian jartzeko, eta bertan arituko diren bi euskal taldeak, Biarritz eta Aviron, buru-belarri ari dira denboraldi berria prestatzen. Zuri-gorriek atzo egin zuten aurkezpen ofiziala, eta Avironek ere berehala egingo du gauza bera.

Biarritzek jokalari mordoxka ekarri du, eta gutxi izan dira taldea utzi dutenak. Hori bai, joan direnen artean bi jokalari esanguratsu daude. Alde batetik, Balan errumaniarra izan da, talde zuri-gorria utzi duena, baina ez da oso apartera joan, hastear dagoen denboraldian Baionan arituko baita. Bestea, Serge Betsen da. Biak jokalari garrantzitsuak izan dira lapurtarren azken garaipenetan.

Etorri direnen artean, berriz, honako hauek daude: Lund, Barcella, Domiani, Rafault, Watrenek, Courrent, Amoussou eta Thierry. Aulkian, berriz, ez da Laguisquet izango, baina bai bere bi laguntzaileak, Delmas eta Isaac, beraiek arduratuko baitira taldea entrenatzeaz.

Helburuei begira, Biarritzek iazkoa hobetzea du aurtengo xedea. Azken bi urteak eskasak izan dira, batez ere azkena, eta hori hobetu nahi dute. Horretarako, Ligako finalerdiak eta Europako Kopako lehen fasea izango dira aurreneko helburuak.

Baionan iaz gauzak askoz ere lasaiagoak izan ziren. Taldeak lan ona egin zuen, eta denboraldi erdian beherakada izan bazuten ere, amaiera lasaia izan zuten zuri-urdinek.

Baionarrek baja aipagarri bat izan dute, izan ere, Richard Dourthek errugbia utzi du, eta bere hutsunea nabarmena izango da. Hala ere, taldean jarraituko du, Avirongo zuzendari teknikoa izango baita iazko denboraldiaren amaierara bitarte taldeko kapitaina izan dena. Aulkian ere berrikuntzak izango dira, eta aurten Mentieres eta Coyola izango dira aulkian eseriko diren bi entrenatzaileak.

Etorri diren jokalariak, berriz, honako hauek dira: Belavucu, Bernard, Fall, Lacroix, Maillard, Garcia, Puricelli, Martin, Blake, Geldenhugs, Howard eta Avril.

Egutegia

Helburuei dagokienez, Avironek Liga du erronka nagusi. Sailkapenean ahalik eta gorenen ibiltzea izango baitu aurtengo helburu. Zuri-urdinak ere Europan arituko dira, eta European Challenge jokatuko dute. Hor ez dute inongo helbururik jarri, baina ez dute ezer baztertzen.

Egutegiak ere jadanik kalean daude, bai Ligakoa, bai eta Europako lehiaketetakoa ere. Liga abuztuaren 26an hasiko da, eta lehen partida etxean jokatuko du Biarritzek Bourgoin taldearen aurka. Aviron, aldiz, Castresen zelaian hasiko da. Bigarren jardunaldia irailaren 1ean izango da. Baionarrek orduan jokatuko dute lehen aldiz etxean, eta Clermont hartuko dute. Biarritzek, aldiz, berriro ere Agileran jokatuko du, eta oraingoan Castres izango du aurkari. Derbia, berriz, urriaren 31n izango da joanekoa, eta hori Biarritzen jokatuko da, eta itzulerakoa, Baionan, apirilaren 3an. Heineken Kopari dagokionez, Biarritzi, Gloucester, Calvisano eta Cardiff egokitu zaizkio bere multzoan. Urriaren 11n abiatuko da, eta lehen partida Gloucesterren zelaian jokatu beharko du talde zuri-gorriak. Astebete geroago Calvisano hartuko du etxean.

European Challengen, berriz, Avironek Viadana eta Saracens izango ditu bere multzoan. Txapelketa urriaren 10ean hasiko da, eta talde zuri-urdinak etxean Viadana talde italiarra hartuz ekingo dio lehiaketari.

Bera Bera

Superligan arituko diren euskal taldeak ere ari dira indartzen. Pegamo Bera Berak atzo baieztatu zuen Alvarezen fitxatzea. Maulen jaiotako jokalaria, Maulen, Oloruen eta Donibane Lohizunen aritu izan da. Aurretik, Roque, Tutard eta Sudre ere fitxatuta zituen Gipuzkoako hiriburuko taldeak.

Helburuak

Biarritzek Ligako finalerdietan sartu nahi du, eta Heineken Kopan, lehen ligaxka gainditu. Avironek, Ligan iazkoa hobetu nahi du, eta European Challengen ez du helbururik zehaztu.

hutsuneak

Biarritzen eta Avironen jokalari esanguratsu batzuk taldea utzi dute. Zuri-gorrien artean Avril eta Betsen ez dira berriro Agileran arituko eta baionarren artean, Dourthe joan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo