Hiru mila militarrek Italiako hiri nagusiak hartu dituzte Berlusconiren aginduz
Segurtasuna bermatzeko aitzakiapean hiru mila militar Italiako hiri nagusiak «zaintzen» hasi ziren atzo. Silvio Berlusconiren erabaki berri honek eztabaida sortu du Italian, besteak beste, etorkinen harrera egoitzen ingurura mila militar bidali baititu gobernuak.
GARA |
Hiru mila militar hasi ziren atzo Italiako hiri nagusietan patruilatzen, Silvio Berlusconiren gobernuak hartutako erabakiaren ondorioz. «Herritarren segurtasuna babestea» izan da plan hau martxan jartzeko aitzakia, baina turistak ez ikaratzeko militarrak gune turistikoetatik kanpo bidaltzea erabaki du gobernuak.
Hiru mila militarrak hiru taldetan banatu ditu Berlusconik. Mila soldadu «lapurreta eta kriminalitate maila handiena duten guneetan» zehar hedatu ditu gobernuak. Bigarren taldeak Italiako hiri nagusiak «zaintzeko» ardura izango du, eta gainerakoek, etorkinen harrera egoitzen inguruetara bidali ditu Berlusconik. Azken erabaki hau izan da Italian eztabaida handiena sortu duena. Berlusconik etorkinak «kriminalizatzeko» bultzatu duen kanpainaren pauso berri gisa ikusten baitu askok. Gainera, etorkin askoren helmuga izaten den Lampedusa irlara ere, 70 militar bidali ditu gobernuak, «bertako polizia ordezkatzeko».
Soldaduak bederatzi hiritan jarri ditu gobernuak: Erroman, Milanen, Napolin, Barin, Palermon, Catanian, Turinen, Veronan eta Paduan. Baina, batez ere Erroman izango da nabarmenena militarren presentzia. Izan ere, 400 soldadu Italiako hiriburuko kaleak patruilatzen hasi ziren atzo. Haatik, militarrak bertako hiritarrek pairatu beharko dituzte gehienbat, Gianni Alemanno alkateak egindako eskaerari esker, «turistak ez ikaratzeko» soldaduak hiri-erdigunetik aldenduko baitituzte. Berlusconiren gobernuak adierazitakoaren arabera, tren eta metro geltokiak «zaintzea» izango da beren lehentasuna.
«Beldurra, soilik gaizkileek»
Oposizioak gogor kritikatu du gobernuak bultzatutako azken neurri hau. «Propaganda egitea eta hiriak militarizatzea da gobernuaren helburua», salatu zuten polizia sindikatuko bozeramaileek.
Herritarren artean urduritasuna sortzea leporatu zioten Berlusconiri, «militarrak kaleetan izatea beharrezkoa ez delako».
Gobernuko hainbat kidek kritikei erantzuteko adierazpenak egin zituzten atzo. Besteak beste, Ignazio La Russa Defentsa ministroak operazioa «oso positibotzat» jo zuen atzo. «Gaizkileek bakarrik sentituko dute beldurra, ez herritar arruntek; edo bestela galdetu iezaiezue auzo arriskutsuetan bizi diren lagunei», nabarmendu zuen La Russak. Roberto Maroni Barne ministroak ere «herritarren artean segurtasuna handitzea» izan dutela helburu azpimarratu zuen.
Berlusconik bultzatutako neurri honek etorkinak ditu jomuga berriro ere. Afrikako etorkinen ohiko helmuga den Lampedusa irlara 70 militar bidali ditu gobernuak, bertako poliziak ordezkatzeko.
«Hemen segurtasuna bermatzeko gaude, baina Bagdad-eko kaleekin alderatuz gero, txangoa baino ez da», adierazi zuen atzo Erromara bidalitako soldadu batek. Hiriburuan 400 militar jarri ditu gobernuak.