GARA > Idatzia > > Kultura

Ahots Aniztasunean topaketa abiatu da Gernikan, elkar ezagutzeko eta aberasteko

Bi herri txiki dira, Gernika eta Gazoldo degli Ippoliti (Italia). Adierazpide desberdinen bidez, elkar ezagutzeko eta aberasteko elkartu dira, kulturen askatasunean, aniztasunean eta elkartasunean sinesten dutelako.

p042_f02.jpg

GARA | GERNIKA

Gaur hasi eta abuztuaren 20ra arte Gernikaren eta Italiako Gazoldo degli Ippoliti herriaren arteko kultur topaketa izango da, Ahots Aniztasunean izenekoa. Erakusketa bat osatu dute Gernikako kultur etxean hainbat artistaren lanekin, eta arratsaldeko zortzietan irekiko dute.

Musika, pintura, bideoa, zinema, argazkiak, zeramika, instalazioak, poesia eta beste adierazpide batzuk erabiliz, trukea egin eta elkarrengandik ikasiko dute, «indarrean dagoen globalizazioan ez bezala, nazioarteko elkarbizitza orekatua, giza oparotasuna kulturen askatasunarekin, aniztasunarekin eta elkartasunarekin bakarrik lortzen dela sinetsiz». Erakusketaz gain, Franco Piavoliren film batzuk proiektatuko dituzte: «Il Pianeta Azzurro», «Nostos», «Voci Nel Tempo» eta «Al Primo Soffio di Vento». Ekainean Italian egon ziren Alicia Oses, Xabier Irisarri, Jose Angel Irigaray eta Ricardo Abaunza artistak, eta orain italiarrak etorri dira Euskal Herrira egun batzuk igarotzera.

Besteak beste, Renzo Bertasiren obra ezagutzeko parada izango da. Artista hau sentipenak ahalik eta zuzenen adierazten ahalegintzen da eta, horretarako lanak zuri-beltzean inprimatzen ditu. Azkenaldi honetan, zeinuen murrizketa grafikoan eta funtsezko adierazkortasuna bilatzen ari da lanean. Hainbat erakusketatan, katalogotan eta argitalpenetan parte hartzera gonbidatu dute, bai Italian, bai eta kanpoan ere. Berriki, eskultura eta urre eta zilarrezko bitxi ugari egin du, baina argazkigintza du lanbide nagusi.

Gizakia, naturaren baitan

Gernikan ezagutzen ahalko den beste artista bat Antonella Gandini da. Eskarmentu piktorikotik abiatuta argazkiaren alorrera hurbildu zen, irudiaren inguruko ikerketako ibilbideari jarraituz, pinturak, argazkigintzak eta bideoaren arteak komunean duten hizkuntzan eta egituran sakondu nahian. Gorputza naturaren baitan ikusten du eta paisaia errealak zein mentalak erakusten ditu. Irudien arteari dagozkion arazo estetiko eta ideologikoak interesatzen zaizkio, eta kultur ekimenak kudeatu eta kritikak idazten ditu arteari buruzko aldizkarietan.

Mario Piavolik ere gizakiaren eta naturaren arteko harremanari jartzen dio arreta, eta erlazio horretan sortzen den tentsio-arazoa nabarmentzen du gaurko begiradaz. Fulvio Testak, berriz, paisaiak margotzen ditu nagusiki, egindako bidaietan ideiak hartuz. Hogeita hamarren bat liburu ere baditu idatziak. Hauek herrialde eta hizkuntza askotan argitaratu dituzte, baita euskaraz ere.

Renzo Margonarik eta Franco Piavolik ere erakutsiko dituzte lanak Bizkaiko herrian. Lehenbizikoa naif delakoan eta Mantovaldeko antzinako eta gaurko artean aditua da. Zeramikan, diseinuan eta bitxigintzan aritu da, eta garrantzizko aldizkari eta egunkarietan zuzendari edo partaide ere izan da. Piavoliren zaletasun kutunena, aldiz, zinema da; sari ugari irabazi du arlo horretan. Antzerkia eta opera zuzentzen ibilia da.

Antoni O'Breskey eta Gabin Dabire musikariek ere hartuko dute parte ekimenean. O'Breskey aitzindaria izan da tradiziozko musikak gaurko piano doinuez eta bere sorkuntzaz mamitzen. Dabirek, berriz, talde asko sortu ditu: multimediakoak eta kultura afrikarren aldeko elkarteak, adibidez. Kontzertu ugari eman du Europan.

Fitxa

Lekua: Gernikako kultur etxeko erakusketa aretoa eta Lizeo Antzokia.

Data: Gaurtik abuztuaren 20ra. Zenbait egunetan (7, 8, 12 eta 13) Franco Piavoliren filmak emango dituzte.

Antolatzailea: Kultur etxea, Gernika-Lumoko herri fundazioa.

Sarrera: Dohainik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo