GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Etxebizitza ipar Euskal Herrian

Erregulatua, moteldua edo lasaitua: merkatuaren hiztegi berritua

Zertan da etxebizitzaren egoera Lapurdin, Nafarroa Behe- rean eta Zuberoan? Garai batean etengabe gorantz ari ziren prezioak azken hileotan gelditu egin dira, ez aurrera ez atzera, nahiz eta askotan behera egiten ere hasi diren, eta, han-hemenka eraikitzen ari ziren etxebizitzen lanak ere geldirik ageri dira. 2004a ezkero urtero 3.000 etxebizitzatik gora eraiki dute kostaldean, merkatua moteltzea eraginez. Baina, gazteen %70ek etxebizitzarik gabe jarraitzen du.

p006_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Lurraren Kudeaketarako Erakunde Publikoak (EPFL) biltzar nagusia egin berri du, eta horren karietara, Arnaud Portier arduradunak egungo etxebizitzari buruzko hausnarketa egin du. Bere esanetan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan etxebizitzak duen egoera ezin da krisi bati lotu. «Agentzietan salgai jartzen diren etxebizitzek fase ezberdinak izan ohi dituzte. Iaz etxe bat salgai jarri, eta sei hilabetetan saldua zen, gaur egun, salmenta epea bi urtera luzatu da. Horrek ez du esan nahi krisi bat dagoenik, baina, bai, merkatua moteldu dena». Hala, kalitate txarreko etxebizitzak saldu gabe geratzen dira, eta kalitate oneko etxeak, Portieren iritziz, saldu egiten dira, baina errealitatearekin bat datorren prezioan.

«Etxebizitza asko eraiki dituzte azken urteotan, eta horrek eragina izan du», nabarmendu zuen. Urtean 2.000 etxebizitza baino gutxiago eraikitzen zen 2003a baino lehen; 2004az geroztik, berriz, eraikin berriak areagotzen hasi, eta, urtean 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzen aritu dira. «Goiz ala berant merkatua moteldu behar zuen horrek», argitu du Jean Marie Etxart PACT erakundeko zuzendari ohiak, eta Etxalde elkarteko kideak. Etxebizitza kopuruen emendatzea ez da moteltze hori eragin duen elementu bakarra.

Gazteen %70 etxe bila

«Eraikiak izan diren etxebizitza asko kanpoko erosleei begira eraiki dituzte. Sustatzaile asko lekuko herritarrentzat egokiak ez diren etxebizitzak egiten aritu dira. Etxe horiek gaur egun saldu ezinak dira. Horrek eragina dauka merkatuan», argitu du Portierek.

Horrela, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gazteen %70ek etxebizitza aurkitzen ez duen une honetan, bertako etxebizitza berri asko hutsik daude. «Sustatzaileek eroslerik aurkitzen ez badute, beste lekuetan inbertitzera abiatuko dira. Hori da merkatuaren errealitatea», azaldu du.

Etxartek, bere aldetik, honakoa gehitu du: «Etxe asko ekoiztu da, baina, lekuko herritarrek ez dituzte erosten ez baitira beraientzat egokiak. Eta, kanpoko erosleak, prezioak zenbaterainokoak diren ikusiz, erosteko orduan mugatuta daude». Portier eta Etxarten esanak berretsi ditu Didier Herbain Orpi higiezinen agentziako arduradunak: «200.000 eurotik behera dauden etxebizitzak eta 600.000 eurotik gorakoak saltzen dira, baina, tartekoentzat salmenta zailagoa da. Arazoa da, gehienbat, banketxeek orain ez dituztela maileguak erreski eskaintzen, eta horrek erosleak muga- tu egiten ditu».

Nazioarteko hainbat herrialdetan krisia aipatzen den honetan, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoera ai- patzean EPFLko arduradunak ez du hitz hori erabili nahi.

«Egungo egoerak merkatua erregularizatzen lagunduko du, baina, dagoeneko ez daiteke esan krisi bat bizi denik», azpimarratu du berriz. Prezioak, izan ere, ez lukete beherakada izugarria ezagutu behar, adituen arabera. «Saltzaileetan dago gakoa. Ikusi behar da lekuko saltzaileak benetan saltzeko behar gorrian dauden, edo, saltzeko orduan espekulazio ekintza huts bat duten xede. Saltzaileen tipologiak ondorioak izango ditu», ohartarazi duenez.

Hala eta guztiz ere, duela urtebete arte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan etxebizitzen prezioak urteko %15eko gorakada izan ohi du. Eta, azken hilabeteotan gorakadarik ez izateaz gain, prezioek %5 eta %10 arteko beherakada izan dute.

«Prezioak merkatuaren errealitatetik hurbilago daude», esan dute bai Portierek, bai Orpi agentziako ordezkariak. Baina, zein da zehazki merkatuaren errealitatea? Jakinda, bereziki, zazpi urtez prezioak biderkatu egin direla. «Pariseko auzo xumeen heineko prezioak aurkitzen dira hemen», nabarmendu du Didier Herbainek.

Halere, jakinez, luzaz eraikiak izan diren etxebizitzak ez dituztela lekuko erosleen beharrak asetzen Portierek alde horretatik arazo handia dagoela azpimarratu du.

«Egitura publikoek merkatua neurtzeko ardura hartzen duten heinean, egitura pribatuak beste norabait joango dira dirua egiteko. Eta, etorkizunean eraikiko diren etxebizitzak lekuko herritarren beharrei erantzuteko eginak badira, kanpoko erosleek ez dute lehentasunik izango», argitu du. Dagoeneko ego- era horretan ez bada ere, lekuko erakunde publikoek merkatuan esku-hartzea izateko hainbat egitura sortu dira azken urteotan. EPFL horietariko bat da. Hiru urtez 21 milioi euro inbertituko ditu lurrak erosteko. «5,6 milioi euro inbertitu ditugu lurrak erosteko. Lur horiek lekuko herritarren beharrei erantzuten dieten proiektuak egiteko gureganatu ditugu», argitu du. Etxebizitzen urgentziazko Planaren bidez 2.000 etxebizitza sozial egin dira.

Egokitzea

«Eraikiak izan diren etxebizitza berriak kanpoko erosleei zuzendutakoak izan dira. Gaur egun, lekuko herritarren beharrei erantzuten ez dieten etxebizitza asko saldu gabe daude», esan duPortierrek.

Saltzaileak

Saltzaileen tipologiak merkatuaren etorkizunean eragina izango duela uste du EPFLko zuzendariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo