Euskal rock musika nagusi hiru egunez Petroleo Rock-en
Joan den asteburuan esan zion agur datorren urtera arte udako azken jaialdi handietako batek: Miranda-Ebron egiten den Petroleo Rock-ek, hain zuzen. Aurtengo edizioan lehenengo mailako euskal musika talde kopuru ederrak hartu du parte. Besteak beste, Sorkun, Gatillazo, Berri Txarrak, Soziedad Alkoholika, Koma, Etsaiak, Lendakaris Muertos... izan dira bertan.
Juan DIEGO RAMOS | MIRANDA-EBRO
Asteburuan amaitu ziren Petroleo Rock jaialdiak proposatutako musika eta elkartasun hiru egunak. Jaialdian izan diren milaka gaztek maila handiko programaz gozatu eta memoria historikoa berreskuratzeko eta adierazpen askatasunaren alde lanean ari diren taldeei elkartasuna erakutsi diete.
Afixa benetan ikusgarriz eta Hego Euskal Herritik iritsitako taldeen distira handiz abiatu zen joan den ostegunean, uztailak 31, Petroleo Rock jaialdia 80ko hamarkadako punk musikari egindako omenaldiarekin. Horrela, punk gogorraren jarraitzaile ugari erakarri zituen Andanada 7 taldeak eta Barakaldoko Josu Distorsion jo dezakegu omenaldi honetan parte hartu zuten taldeen artean onena. «Salamankarras» eta «Pijopunk» bezalako kantek urakanaren burrunba eragin zuten jaialdira bildutako punk-zaleen gandorren gainean.
Sekulako zuzenekoa duen Arrasateko Des-Kontrol taldea eta eskarmentu handia dutela erakutsi zuten Sorkun & Vice Presidentes utzi zizkigun bigarren egunak. Han entzun ahal izan ziren «Non zaude?» edo «Heldu nazazu» bezalako kanta enblematikoak.
Gero, omenaldi beroa eskaini zitzaien bere garaian zigorra jaso eta urte luzez Miranda-Ebroko kontzentrazio esparruan preso egon ziren bi errepublikazale beteranori. Reincidentes taldeko abeslari den Fernando Madinak gidatu zuen ekitaldia, eta talde hauxe izan zen ondoren agertokira igo eta bere errepertorio zabalari berrikuspen soila egin ziona. Lendakaris Muertos talde iruindarraren emanaldi bikaina izan zen ondotik. Izan ere, talde hau izan zen, Soziedad Alkoholikarekin batera, jaialdiak eskaini zuen onena. Ikusgarria da Aitor Lendakari abeslaria. Etengabeak dira ikus-entzuleen artera egiten dituen jauziak haiekin batera kantatzeko bere errepertorioko errepika ezagun bezain ugariak. Beharbada, gaur egun Estatu osoan ikus daitekeen zuzeneko onena eskaintzen du taldeak. «Esto no es punki» edo «Besos gaztetxeros» ez ziren izan jendeak bereak balira bezala kantatu zituen gaietako batzuk besterik. Ordu eta erdiko saio ezin indartsuagoa. Etsaiak taldeak eman zion amaiera egunari. Ezin askorik gehitu lekeitiarrek beti erakutsi izan duten zuzeneko bikainari. Mailari eusti zioten eta gelditzen zitzaizkigun indar apurrak akiarazi zizkiguten.
Hirugarren egunak ere talde multzo deigarria bildu zuen. No Relax nafar/madrildarrak oso ongi aritu ziren beste behin; Segismundo Toxicomanok punk zorrotz eta garbia eskaini zuen; Betagarrikoek gorputza astindu ziguten; Koma taldekoek, ohikoa duten janzki eta gorbataz eta sargori jasangaitzari aurre eginez, modu ikusgarrian zabaldu zuten beren saioa «Niños» eta «Tío SAM» kantekin eta «Degüello» izenekoarekin amaitu zuten emanaldi indartsua; Evaristo erregaitza eta Gatillazo taldea «Seguratas», «Nicaragua» eta «Odio a los partidos» bezalako gaietan nabarmendu ziren eta jarraitzaile gehien bildu zituenetakoa izan zen beren emanaldia. Ondotik, jatorria Agurainen duen eta gaueko talde izarretako bat izan zen Kaotiko. Boskoteak hasieratik amaierara eutsi zion ikus-entzuleekiko harreman estuari eta «Adrenalina» edo «Oh Caroline» bezalako kantek Miranda osoa durundatu zuten emanaldi ikusgarrian. Berri Txarrak taldeak, Rubio baxu-jotzaile lanetan duela eskainiko duen azken emanaldietako batean, ez zuen huts egin. Amaitzeko, jaialdiko talde izarra izan den eta agertokira atera bezain laster bertara bildutako 6.000 lagunen gogoa asebete zuen Soziedad Alkoholika, nazioarte mailako talde baten arrastoa utzi zuena.
Soziedad Alkoholika eta Lendakaris Muertos izan dira musika aldetik arrakasta osoz eta ikus-entzuleen parte hartze bikainez itxi zen Petroleo Rock-en edizio berri honetan talde onenetakoak.