Mendeurrenean, Oteiza artista eta herrikidea omenduko du Zarautzek
Jorge Oteiza jaio zeneko mendeurrena dela-eta, Zarauzko Udalak, herriko hainbat elkarterekin batera, artista gogoratzeko eta omentzeko hainbat ekintza antolatu ditu. Atzo aurkeztu zituen egitarauaren ildo nagusiak. Altzuzako Museoa prestatzen ari den eta Zarauzko Sanz Enea kultur etxean irailetik aurrera ikusi ahal izango den erakusketa izango da ekintzarik garrantzitsuenetako bat. Baina besterik ere izango da. Zarautzen igaro zituen Oteizak azken urteak.
GARA | ZARAUTZ
Zarautzekin oso harreman estua izan zuen Jorge Oteizak. Orion jaio zen arren, zarauztarra ere bazela lasai asko esan daiteke. Izan ere, bertan pasatu zituen urte asko, bere bizitzako azkenak. Hori dela-eta, aurten ospatzen ari den Oteizaren mendeurrenak Zarautzen oihartzun berezia merezi zuela erabaki dute. Artezaleak elkarteak eta Ispilu galeriak, batetik, eta Udalak eta Arte eta Historia Museoak, bestetik, indarrak batu eta egitarau oparoa prestatu dute. Prentsaurrekoan aurkeztu zuten atzo Arantza Iturria Kultura zinegotziak, Naiara Vicent Museoko teknikariak, Karmen Agirretxe Artezaleak elkartekoak eta Leticia Eizagirre Ispilukoak.
Egitarauaren ardatz nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiak Altzuzako Museoari enkargatu dion erakusketa izango da. Irailean inauguratuko dute, Sanz Enean. Alabaina, Altzuzako Museoak gauzatuko duen erakusketari atal berezi bat erantsiko diote Zarauztik bertatik, hain zuzen, artistaren eta Zarautzen arteko harremana islatuko duen atala.
Atal hori ahalik eta modu parte-hartzaileenean egite aldera, antolatzaileek dei egin diete zarauztarrei harreman horren lekuko izan daitezkeen argazki, bideo, marrazki edo bestelako dokumentuak maileguan uztera. Horrela egin nahi duenak Sanz Eneara bertara jo behar du, bulego orduetan, 08.00etatik 15.00ak arte. Bestelako argibideak lortzeko, posta elektronikoaz edo telefonoaz balia daitezke: menosca@menosca.com edo 943-005120.
Sanz Enean irailetik aurrera ikusgai egongo den erakusketaz gain, urriaren 4an, Artezaleak elkarteak antolatutako ZarauztArt ekimenaren edizio berri bat izango da, eta edizio hori Oteizari eskainia izango da. Egun horretan, hainbat artistek lan egingo dute jendaurrean, betiere Oriokoa gogoan. Egun horretan ere herritar guztiei irekitako bazkari bat prestatuko dute.
Urriaren 10ean, berriz, Ispilu galerian, Oteizaren omenezko erakusketa inauguratuko dute. Leticia Eizagirrek atzo iragarri zuenez, hogeita hamar artistek baino gehiagok hartuko dute parte. Ekimen horren inguruan, gainera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hala nola, dramatizazio bat, mahai-inguru bat eta Mendi artistak, Oteizaren lagun-minak, Inurritzari buruz paratu duen liburuaren aurkezpena. DVD bat prestatzeko asmoa ere badute antza denez.
Urriaren 21ean, hots, Oteizaren urtebetetze egunean bertan, Artezaleak elkarteak Klarionen Tailerra antolatuko du haur hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta. Udaletxean, berriz, Oteizaren Lagunek Bufanda Gorria saria emango dute. Oraindik zehaztu gabe dago zeinek hartuko duen. Eguna biribiltzeko, Garbiñe Azpitartek ehun haur inguru dantzan jarriko ditu.
Aste honetan, Azkoitian
Familia zela medio, Azkoitiarekin ere lotura estua izan zuen Jorge Oteizak. Hori dela-eta, larunbatean, hilak 9, Musika Hamabostaldiaren barruan, «Hormak urtu» kontzertua izango da Oteiza Frontoietan, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Xabier Erkiziak paratutako kontzertu esperimentala da, Schoenberg, Stravinsky eta Ravelen obretatik abiatuta. Soinuaren malgua eta frontoien arkitekturaren zurruna aurrez aurre jarri nahi ditu Erkiziak. Ondoren, Jorge Oteizak hain gustuko zuen Aita Donostiaren musika joko du Javier Perez de Azpeitia pianistak.