Mauritania, kolpez kolpe, garapenari heldu ezinik
Ez da ohikoa Afrikako zenbait herrialde albiste izatea, eta ez arazo politiko, ekonomiko edota kulturalik ez dutelako, hain zuzen. Herrialde horietako bat Mauritania da, eta Afrikako herrialde askoren egoeraren isla izan liteke: natur baliabideak izanda ere, herritar gehienak oso txiroak dira, ustelkeria da nagusi bertan eta, hala ere, mendebaldeko demokrazien interes ekonomiko eta geoestrategikoen arabera, onartuak izango dira nazioarteko komunitatean. Gaur Mauritania albiste da atzo hango armadak egin zuen estatu kolpea dela-eta. Independentziaz geroztik hainbat estatu kolpe izan dira herrialdean, eta Sidi Mohamed Ould Cheikh Abdallahi presidentea, orain atxilotuta dagoena, presidentetza hauteskunde bidez eskuratu duen lehena da, iazko martxoa arte boterea zuen junta militarraren hautagaia izatea egotzi bazioten ere. Errepublika islamiar horrek harreman onak zituen Europar Batasunarekin, Espainiarekin bereziki, eta ez da kasualitatea horien laguntza ekonomikoa, Afrikako immigrazioa kontrolatzeko puntu estrategikoa izaki. Europar Batasunak berehala gaitzetsi du estatu kolpea, baina gaitzespen horrek ezin du haren hipokrisia disimulatu, Afrikako hainbat herrialderen arazoek bere interesen arabera baino ez baitute arduratzen. Esate baterako, Mauritaniarekiko interesa ez da herrialde haren garapena bultzatzea, immigrazioa geldiarazteko jendarme lanak egin ditzan baizik.