Festazale gazteenek beren eguna ospatuko dute Zeledon eta Neska txikien eskutik
Zeledon txikiaren eta Neska txikiaren eguna da gaur Gasteizen eta, beraz, hiriko festazale gazteenek bereziki gozatzeko aukera izango duten hitzordua. Atzo, aurreko egunetako jendetzarik ez zen izan Gasteizko kaleetan, asteburua ondoan dagoela-eta, indarrak gorde behar baitira.
GARA |
Bi egunetako jende uholdearen ostean, atzo gasteiztar askok atseden hartzea erabaki zuela nabari zen hiriko kaleetan. Aurreko egunetako jendetzaren ordez, erdiguneko plaza eta etorbideak garbi samar ageri ziren goizean, eta inguruko tabernek parada aprobetxatu zuten beren biltegiak betetzeko.
Izan ere, astelehenean hasi dira aurten Andra Mari Zuriaren jaiak, eta, beraz, asteburuan bukatuko dira. Larunbatean, hain zuzen. Horregatik, jende askok, zenbait ordu indarrak hartzeko eta arropa garbitzeko erabili zituen atzo.
Edonola ere, jende gutxiago egonagatik, festa girorik ez zen falta izan atzo Gasteizen, batez ere eguerdi partetik aurrera. Hiri honetan badago, izan ere, atsedenik behar ez duen jende franko -horietako gehientsuenak mahoizko prakak edo gona, alkandora zuria edo urdina, eta abarkak jantzi ohi dituzte-.
Bezperan parranda handirik egin ez zutenek ere beren tartea izan zuten goizean, eta egunero bezala ez zen jenderik falta izan Aihotz plazan, trikitilariak eta bertsolariak ikusteko, zezen plazako bigantxetan, jakien eta edarien merkatuan eta, nola ez, Dato kaleko blusen eta nesken paseotxoan.
Zeledon txikia eta Neska txikia
Gaur, aldiz, etxeko festazale txikienen txanda da, Zeledon txikia eta Neska txikiaren eguna, hain zuzen. Aurten, Beñat Valle eta Ane Amor izendatu dituzte Zeledon txikia eta Neska txikia, eta GARAk jaien hasieran kaleratutako gehigarrian adierazten zutenez, horren ardura handiko kargua «ahalik eta hoberen» egitea da beren helburua.
25 urte betetzen ditu aurten Zeledon txikiaren egunak, eta aitzaki ezin hobea da urtero haurrek berentzako propio egina den egitarauaz gozatzeko. Lehenik eta behin, edonola ere, San Migel elizan, goizeko hamaikak aldera, Beñatek eta Anek blusa txikien laguntza izango dute Andra Mari Zuriari lore eskaintza egiteko.
Eguerdi partean, iragan astelehenean gertatutakoaren antzera, Zeledon txikiaren eta Neska txikiaren jaitsiera izango da Plaza Berrian, eta plaza honetatik abiatuko da ondoren erraldoien eta buruhandien kalejira.
Buruileria plazan, aldiz, umeentzako ginkana bat antolatu dute Alde Zaharreko merkatarien elkarteak eta Zoroak koadrilak, 12.00etan, eta parte-hartzaileek hainbat sari irabazi ahal izango dituzte proposatutako probak gaindituz gero.
Honekin batera, Prado parkean, egunero bezala, Abentura gunea izango dute, eta bertan hainbat joko eta kiroletan aritzeko aukera. Argi dago ume eta gazteek aitzakiarik ez dutela izango gaur etxean geratzeko.
Amelia Baldeon arkeologoa eta Henrike Knorr hizkuntzalaria, apirilean zendu zena, izan dira aurten hiriko Urrezko Domina jaso dutenak. Asteartean hartu zuten saria Baldonek eta Knorren senideek, Salburuan.