Ruandako genozidioan parte hartu zuela esatea onartezina dela esan du Estatu frantsesak
Estatu frantsesak tutsien kontrako genozidioan parte-hartze zuzena izan zuela salatu zuen asteartean Ruandak. Mahai gainean izen aski ezagunak ipini zituen, horien artean, Francois Mitterrand eta Dominique de Villepin. Atzo, Parisek onartezintzat jo zuen akusazio hori.
GARA |
Estatu frantsesak Ruandak eginiko akusazioak ezeztatu eta «onartezinak» direla nabarmendu zuen atzo. Ikerketa batzorde batek Parisek 1994an tutsien kontrako genozidioan esku-hartze zuzena izan zuela ondorioztatu du. Ia bi urtetan bildutako testigantzak eta ikertzaile, idazle nahiz kazetariekin eginiko elkarrizketak oinarritzat hartuta, 500 orrialdeko txostena aurkeztu zuen asteartean. Bertan, argi uzten du Estatu frantsesak hutuei «laguntza politikoa, militarra eta diplomatikoa» eman ziela. Hala, segurtasun indar frantsesak hutuak genozidioa aurrera eramateko entrenatu zituela salatu du. Txosten horren arabera, Parisek hutuek tutsien kontra prestatuta zuten genozidioaren berri zuen.
Are gehiago, «soldadu frantsesek hilketetan parte-hartze zuzena izan zuten, eta bizirik ateratzea lortu zuten emakume ugari bortxatu zituzten».
Kigalik eginiko salaketa ez da berria. Urteak daramatza Estatu frantsesak gertakari horietan izan zuen jarduna salatzen. Baina, lehen aldia da «arduradunak» izen eta abizenekin aipatzen dituela, bide judizialari ateak zabalduz. Horien artean, aski ezagunak diren buruzagi politikoak daude, hala nola, Francois Mitterrand presidente ohia, Atzerri ministro izandako Alain Juppe, eta Dominique de Villepin eta Edouard Balladur lehen ministro ohiak.
Albistearen berri izan orduko, Atzerriko Ministerioak Ruandako ikerketa batzordeari halako salaketak egiteko zilegitasuna kendu zion, eta zalantzan jarri zuen bere objetibotasuna.
Alain Jupeek argitara emandako ondorioak «faltsutze» hutsak direla helarazi zuen.
Survie elkarte frantsesaren ustez, Estatuak ezin du ez ikusiarena egin eta «azkenean, egiak argia ikusi behar luke».
«Orain, justiziari dagokio salaketa horiez arduratzea. Espero dugu ildo horretan aurrerapausoak eman ahal izatea», adierazi zuen Ruandako Informazio ministro Louise Mushikiwabok.
2006ko azaroan, Paul Kagame presidenteak Parisekin harremanak hautsi zituen ez baitzetorren bat Jean-Louis epaile frantsesak bere kontra zabaldu zituen ekinbide judizialekin. Juvenal Habyarimana presidente ohiaren kontra 1994ko apirilaren 6an eginiko atentatuan Kagamek nolabaiteko partaidetza izatea leporatu zion epaileak.
Hala ere, Nicolas Sarzkozy agintean dagoenetik, bi herrialdeen arteko harremanak onera egin du. Abenduan, bi presidenteek Lisboan elkartu ziren. Hilabetera, Bernard Kouchner Kigalin izan zen «harreman berri bati ekiteko».
«Iragana zaila izan bazen ere, egun Ruandarekin harremana berreskuratzeko asmoa izaten jarraitzen dugu», adierazi zuen atzo, Romain Nadalek, Atzerri Ministerioko bozeramaileak.
1994ko apiriletik uztailera, 800.000tik gora lagun hil zituzten Ruandan. Garaiko presidente Juvenal Habyarimaren aurkako erasoaren ostean hasi zen genozidioa. Misil batek bere hegazkina bete-betean jo zuen.