GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Eskupilota Andra Mari Zuriaren Feria

Titin III.a eta Pascual, iaz irabazitako finalaren bila

Berasaluze VIII.a eta Barriola izango dituzte aurkari Gasteizko Ogetako bigarren finalerdian

p033_f01-111x111.jpg

Imanol SESMA | DONOSTIA

Aurreko urtean garaile izan ziren Titin III.a eta Pascual, Barriola eta Berasaluze VIII. bikotearen aurka arituko dira 22.15ean (23.15 ETB1en) Gasteizko Ogeta pilotalekuan Andra Mari Zuriaren binakako txapelketako finala jokatu ahal izateko lehian. Gasteizko feriako hirugarren jardunaldiko partida gorena izango den honetan Augusto Ibañez errioxarra eta Iñigo Pascual nafarrak osaturiko bikotearentzat ez da erraza izango aurrean aurkituko duten aurkariari gailentzea, eta bereziki bi aurrelarien artean izango den aurreko koadroetako borroka ikusgarria izango dela aurreikus daiteke.

Pablo Berasaluze berriztarrak eta Abel Barriola leitzarrak osaturiko bikoteak aise irabazi zieten final-laurdenean (22-4) Asier Olaizola eta Ruben Belokiri. Azken hauek partida eskasa burutu, eta huts ugari egin zituzten eta laster geratu ziren garaipenerako aukerarik gabe. Aurrelari bizkaitarra, aldiz, fin aritu zen errematerako orduan eta ezker txokora eginiko dejadekin, eta atzealdean ongi lagundu zion Barriolak. Aurrelariak sakez ere hiru tanto egin zituen eta bat bera ere ez Asier Olaizola goizuetarrak. Horrela, 4 eta 15eko emaitzatik zuzenean iritsi ziren hogeita bikora hutsik gabeko 296 pilotakada eman zituzten partidan. Guztira 41 minutu, eta etenaldiak kontuan hartu gabe, 17 minutu soilik iraun zituen norgehiagoka honek. Jarraitzaileen aldetik ere ez zen oso egun gogoangarria izan, jende gutxi aurkitzen baitzen Mendizorrotzako frontoi motzean.

Gauzak horrela, Arabako hiriburuko feria honetako binakako bigarren finalerdi honetan, Berasaluze VIII.ak eta Barriolak aurreko urtean txapelketa berean txapelak etxera eraman zituzten Titin III.a eta Iñigo Pascualen aurka jokatu beharko dute finala jokatu nahi badute. Orain arteko partidarik ikusgarriena izatea espero den honetako aurrealdeko koadroek zeresana ematea espero da. Bertan erremate politak izan litezke ikusgai, bizkaitarraren txokorako dejadekin eta errioxarraren gantxoekin, adibidez.

Zaleak Bengoetxeari begira

Finalerdi honetako irabazleak atzo gauean Bengoetxea VI.a-Begino eta Xala-Lasa bikoteen artean jokatu zuten partidako garailea izango du zain txapelketako final handian.

Finalerdiotako jakin-min nagusia leitzarraren errendimenduak sortu du. Izan ere, buruz buruko txapeldunak orokorrean partidako kide ahulena izan ohi du alboan, eta bera da nabarmendu behar izaten dena. Ordutik, Bengoetxeari kosta egiten zaio irabaztea, eta jokaturiko azken hamar norgehiagoketatik zortzi galdu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo