Antolatzaile lanetan (I): asmo ona izatea ez da nahikoa
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa
Kontzertuak. Zein ondo pasatzen dugu kontzertuetan. Lagunekin (edo bakarrik), gustuko (edo guztiz ezezaguna) dugun talde edo bakarlari baten zuzeneko emanaldia ikustea eta entzutea gustatzen zaigu. Agertokia, soinu tresneria eta barra. Edateko zerbait hartu eta musikaz gozatu. Azken urteotan jaialdi erraldoiak ugaritzen ari dira (Estatu mailan, bereziki). Izen handiko taldeekin osatzen da kartela milaka lagun elkartzeko asmoz. Negozio ederra (batzuetan) enpresa bilakatu diren antolatzaile profesionalentzat. Euskal Herrian, horrelako jaialdiak badaude ere, askoz ugariagoak dira maila txikiko kontzertuak. Kanpotik ikusita, erraza dirudi kontzertu bat antolatzea. Egia esan, edonork antola dezake kontzertua (lerro hauetatik musikazaleak kontzertuak eta musika emanaldiak antolatzera gonbidatzen ditugu, besteek gure gustuko saioa noiz antolatuko zain egon gabe). Dena den, kontzertu bat antolatzeko asmo ona izatea ez da nahikoa. Aurreko batean, talde desberdinekin batera musika emanaldi batean parte hartzera gonbidatu ninduten. Antolatzaileek borondate ona zeukaten, baina inongo esperientziarik ez eta, horrelakoetan, zerbait gaizki ateraz gero, jaialdia hondamendi bilaka daiteke. Ikus-entzuleak antolatzaileekin haserre, antolatzaileak soinu teknikariekin haserre, soinu teknikariak antolatzaileekin haserre eta taldeak antolatzaile eta soinu teknikariekin haserre. Hau bai nahaste-borrastea. Lehenago esan bezala, musika emanaldia antolatzea ez da zaila, baina garrantzitsua da gauza batzuk kontuan hartzea jaialdia ondo atera dadin. Guztiak aipatzea ezinezkoa litzaiguke, baina bi zutabetan garrantzitsuenak iruditzen zaizkigunak aipatzen saiatuko gara, eta horrelako saiorik inoiz antolatu ez duenarentzat lagungarri izatea espero dugu. Garbi izan kontzertu bat antolatzeak lan handia dakarrela, ez soilik emanaldiaren egunean, baita aurretik eta ondoren ere. Lehenik eta behin, zer egin nahi dugun garbi eduki behar dugu. Zeintzuk diren gure helburuak eta helburu horiek betetzeko zein bitarteko ditugun. Askotan, kartela ahalik eta beteen edukitzen saiatzen dira antolatzaileak, beste gauzei jaramon handirik egin gabe. Talde asko edukitzeak ez du jende asko joatea ziurtatuko, baina zenbat eta talde gehiago orduan eta lan handiagoa antolatzaileentzat. Antolatzen dugun lehenengo kontzertua bada, hobe helburu xumeak edukitzea, errazago izango baitzaigu horrela.