GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Jaiaren aurpegiak

Alaitasunak leher egin omen du Gasteizen. Ez dut nik ukatuko. Hala ere, aurten jende gutxiago omen dabil kaleetan. Krisia, diote batzuek; jaiak astelehenean hasita normala dela, beste batzuek, ostiralean gora egingo duela kaleetako jende kopuruak. Nolanahi ere, alaitasunak leher egin du eta nabari da. Lagun bakar batek ezin du ekitaldi, ikuskizun guztien berri jakin, are gutxiago begi bik horiek guztiak ikusi, baina nahikoa dira jaiaren zenbait irudiri, zenbait aurpegiri, erreparatzeko.

Asteartean, urtero bezala, jaiak eta edozein poz-agerpen lausotzen duen absentziak ehunka lagun elkartu zituen txosnaguneko karpa nagusian. Gotzone Lopez de Luzuriaga eta gainerako euskal preso gaixoak, zigorra beteta kalean beharko luketenak, denak hara bildutakoen gogoan izan ziren. Eta ez daudenak jaiaren parte direla erakusten duen herri bazkaria pozteko motiboa izan zen, karpa mukuru beteta zegoela. Beharbada, aurten jende gutxiago dabil kaleetan jaietan, baina elkartasunak ez du huts egin. Ezta torturak ere inork gonbidatu ez duen hitzordura. Ospatzen ote dituzte ziegan jaiak? Lepoko zapia janzten dute? Purua erretzen? Duela hogeitaka urte Herrera de la Manchako kartzelan preso arabarrek Zeledonen jaitsiera antzezten omen zuten txapeldun panpina, hari bat ziega bateko barroteetan lotuta, patioraino jaitsaraziz. Ondoren aurreskua dantzatu eta lata batzuk irekita meriendatxoa egiten omen zuten. Gehienak kalean dira aspaldi eta kontu urrun gisa gogoratuko dute, baina Jon Agirre eta Josu Diaz de Herediarentzat urruntasun hurbila da, hogeitaka urte horiek gorabehera.

Egun bereko gauean Mikel Urdangarinen kontzertura joan ginen, Aihotz plazan, eta niretzat ezuste ederra izan zen lehen aldiz zuzenean hura entzutea. Eguerdiro agertzen gara plazatxo horretara trikiti eta bertso saioak entzutera, eta eskertzekoa da Udalaren eskuzabaltasuna; izan ere, txoko horretako ikuskizunak Gasteizen euskaldunen bat ere badela onartzea baitira. Areago, badela gazte asko «que saca bikain en euskera», eta hainbat heldu «que sacó el EGA a la primera, así que ya no tiene problemas en el currelo».

Ez da nire asmoa inori jaietako alaitasuna iluntzea, pozaren erdian ere egoten den tristezia ez ahazteko saioa baizik. Eta tristeziaren baitan sor daitekeen poza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo