GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea

Hiesarekin bizitzen

Urtetik urtera adierazpen berak entzuten dira, borondate oneko berbak, argazki politak eta malkoz betetako aurpegi esanguratsuen agerpenak. Aurten eta berriro, Mexiko da honen lekuko, baina hitzetatik harago joanez, susmoa daukat ez dela ezer berririk aterako.

XVII. Nazioarteko Konferentzia honetan orain arte erakutsitako borondate hutsalak mila aldiz errepikatuko dituzte eta ezer gutxi gauzatuko dute. Oraindik ere hor dauzkate bete barik iaz eta urteetan esandakoak; diru-laguntzak garatu gabeko herrientzat, prebentzio neurriak abian jarri mundu osoan, behartsuei elikagaiak helarazi, kolektibo guztiei aukera berak eta mezu berak eman, edota ahaztu ezin zaigun konpromisoa, herritar guztiei botikak ematea. Non geratu dira horiek guztiak?

Ban Ki-moon NBEko idazkariak gogorarazi duenez, 1.300 milioi dolar erabiltzen dira urtero armagintzan, diru nahikoa kutsatu berrien kopurua erdira jaisteko. Gogorarazi du halaber 6.400 milioi dolar behar direla urtero hiesaren aurka lan egiteko eta irtenbideren bat aurkitzeko GIB/hiesarekin bizi garenontzat. Baina diru kontuez ari garenez, Robert Fox Oxfameko ordezkariak esan zituenak gogoratu beharko ditugu, besteak beste, 80.000 milioi dolar behar direla gaixo guztientzako botikak bermatzeko. Kontuak txukun eginda daude, baina inork ez du sosik eman nahi ezeren truke, horra hor gakoa!

Baina diru kontuak baino interesgarriagoak egiten zaizkit «kutsatu-aktiboen» adierazpenak entzutea edo talde aktiboen ekintzak nolakoak diren jakitea, finean, beraiei esker ematen direlako lorpen txikienak baina, aldi berean, eraginkorrenak. Ezin dugu ahaztu halako konferentzietan «botiken multinazionalak» babesleak direnez, inork ez diela ia kritikarik egiten, nahiz eta jakin nola lortzen duten hainbestekoak diren diru-irabaziak, non egiten dituzten ikerketak eta norekin... Gainera, jakin badakigu nolako eztabaida dagoen generikoak ekoizteko garatu gabeko herrietan.

GIB/hiesarekin bizi garenok asko dakigu gai horiez: ez dago urrunera joan beharrik jakiteko zer daukagun jokoan. Nire kasuan, gehien maite dudan pertsona, herria, lagunak, natura, etorkizuna edo daukadan gorputz osasuntsua galtzea.

Beste 33 milioi lagunek bezala, nik ere 23 urte daramatzat GIB/hiesarekin bizitzen, 23 urte mamuen aurka borrokan, asko gogoratzeko eta esateko amorrutik; hala eta guztiz ere, garrantzitsuena ez zait ahaztu oraindik, hiesa bera ez dela nire etsaia, bai ordea, mundu honetan dauden aurreiritziak, irainak, bazterketak, kultura atzerakoia eta kapitalismoa bera. Hauei esker pandemia bera zabaltzen ari baita munduan zehar, berriro ahulenak larriki kaltetuz.

Hala ere, konferentzia handietatik kanpo dago gure lana, behintzat jakiteko nola aurre egin gaixo hauek erakutsi eta azaleratu dizkiguten erronkei, eta zelan antolatu beharrezkoak ditugun espazio «libre eta ziurrak». Oraindik ez gara gai izan geure eztabaida-gune askea aurkitzeko. Geure iritziak ere «kaltetu gabeen» interes profesional eta ekonomikoen menpe daudelako. Asko daukagu ikasteko, guri dagozkigun ardurak eta protagonismoa besteen esku utzi barik.

Hasteko esan dezakegu mundua bera dagoela gaixo eta hiesarekin areagotu egin dela heriotzari, zahartzeari edo gaixotzeari diogun beldurra; homosexualitateari gorrotoa; droga kontsumitzaile jakinei iraina; emakumeei dagozkien eraso matxistak normaltzat hartzea; edozein erabaki eta geure bizia aberatsen interesen menpe egotea eta abar. Dena jakina, baina guk oraindik orain, borroka honetan, lehenengo urratsa eman gabe daukagu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo