GARA > Idatzia > > Ekonomia

Sasoikako langile anitzek «legez kanpoko» baldintzak dituzte oraindik ere

Sektore batzuetan lan baldintzei dagokionez hobekuntzak izan badira ere, sasoikako langileek prekarietatearen aurpegirik gordinena jasan behar dute oraindik ere. Ipar Euskal Herrian lehen eta hirugarren sektorean dihardute horiek gehienbat. Hala eta guztiz ere, langile askok ez dakite haien gutxieneko legezko baldintzen marjinak nora iristen diren eta, horrez gain, sindikatuek udaro alor horri lotuta egiten dituzten kanpainak ez dira haiengana iristen.

p022_f01_199x112.jpg

Xabi HERNANDEZ |

Topikoari jarraiki, esan genezake udak berezko elementu ugari bezain adierazgarri ekartzen dituela eguzkiaz edo beroaz gain. Hondartza, mendia, oporrak, bidaiak eta bestelakoez gainera, lan egiteko hautatutako garaia izaten da askorentzat. Ez hori soilik; izan ere, nekazaritza zein abeltzaintzako eginbehar anitz urteko sasoi honetan egin behar izaten dira. Horretarako, beraz, zereginak exijitzen duen denboraldi mugatu horretan aldizkako edo sasoikako langileak hartzen dituzte. Sarri asko ez, ordea, kontratatu ¯horrek dakartzan eskubide eta bermeekin¯. Lan baldintzak argiak izan ohi dira: lan zama handia eta soldata eskasa eta, behargin gehienen kasuan, legez kanpoko eta gehiegikeriazko egoera.

Eta, hain zuzen ere, udako ohiko gune diren hondartza eta mendi edo landa eremu horietara etortzen dira, besteren artean, sasoikako beharginok Ipar Euskal Herrian. Hemen ordezkaritza handiena duten CFDT, CGT eta LAB sindikatuek zehazten dutenez, bi dira bereziki gune horiek: batetik, Lapurdiko kostaldea, non merkataritza, ostalaritza eta turismoari begirako lanak nabarmentzen dira eta, beste alde batetik, barnealdea, non nekazaritzari lotutako bi jarduera gailentzen diren; hots, artoa jorratzea ¯Ipar Euskal Herrian gehien ekoizten den laborea, alegia¯ eta mahats-biltzea Irulegi eskualdean (Nafarroa Beherea).

Legearen zirrikituak

Bertatik bertara egin ohi dituzte sindikatu hauek uztaila aldean kanpainak, batez ere kostaldeko herrietan, «langileek haien eskubideak ezagutu eta defenda ditzaten». Hala eta guztiz ere, LABek adierazi duenez, eta GARAk ere egiaztatu ahal izan duen bezala, «mota honetako langileek ez dute beren baldintzen eta eskubideen berri izaten». Sindikatu honetako ordezkari Eñaut Aramendik azaldu duenez, langileengana zuzenean jo nahi izaten dute, baina usu nagusiarekin topo egiten dute, eta informazioa ez da langileengana heltzen».

Aramendik esan duenez, «beldurra» nabari da beharginen artean, «haien egoera ez baita legearen barruan». Alde horretatik, hiru «alde ilun» ikusten ditu Aramendik: sasoilari ugarik asegururik ez daukatela, legezko kontraturik ez daukatela edota horietan irregulartasunak izaten dituztela askok eta askok eta, azkenik, ordu estra gehienak ez zaizkiela ordaintzen.

Izan ere, lege frantsesek xeheki zehaztuta dute aldizkako langileen izaera juridikoa, baina enpresa anitz hauen «ezjakintasunaz» baliatzen direla adierazi du Aramendik, eta legearen zirrikituak aprobetxatzen dituzte kontratazioa «behar ez bezala» burutzeko. Izatez, sasoikako langilea «jarduera zehatz baterako hilabete batez gutienik eta bederatziz gehienez kontratatzen den behargina da». Maiz, ordea, denboraldi mugaturako edota ordezkapenetarako ¯Estatu frantsesean CDD eta CDD de remplazament izendapenez ezagutzen dena, alegia¯ kontratazioekin nahasi ohi dela ohartarazi du Aramendik, legeen zirrikituak nahiz ezjakintasun hori, nonbait, haien onurarako erabiliz.

SMICekin konforme

Sasoilarien artean asko ikasturtea bukatu duten gazteak izan ohi dira. Biarritzeko erdigunean dagoen Hotel du l'Ocean-en arduradun gisa ari den Mina Mellalek halako anitz izaten ditu udaldiro berarekin lanean, kasu honetan gehienak neskak. «Oro har, gazteek nahi izaten dutena diru pixka bat irabaztea eta aisialdian hondartzara joatea izaten da, hemen bederen», esan digu Mellalek. Mota horretako langileak sasoilariak ez direla onartzen du, baina «lan anitz» egiten dutela esaten du; «besteek adina edo askotan gehiago, nik hamar urteko alaba baitut eta hamaika faktura ordaintzeko. Udarako etortzen diren gazte hauek ez dute haien lan egoera zein den ezagutzen eta berdin zaie, gainera. Ugazabek hori jakinik, horretaz baliatzen dira nahi dutena egiteko, atean hamarka baitituzte lana lortzeko zain», gaineratu du.

Bestalde, Mellalek lan egiten duen hotelean zein inguruko ostalaritzako lokaletan «egoera berdintsua» dela adierazi digu, eta «argiki aitortzen ez bada ere, modu batean edo bestean legez kanpokoa da egoera hori». Horren harira, Biarritzeko Portu Zaharreko hondartzan izozki-denda batean beharrean ari den Mayak SMIC edo gutxieneko ordainsaria soilik irabazten duela onartzen du, egunero-egunero bertan arituta.

Angeluko Géant Casinon eta Carrefurren lanean diharduten lau gaztek emandako testigantzek frogatzen dute irregulartasunak badaudela eta, esaterako, «saiakera egonaldia» deitzen dutenaren menpe daude horietako batzuk.

«séjour d'essai»

Langileen hitzetan, Angeluko Géant Casinon, adibidez, «séjour d'essai» edo saiakera egonaldia delakoaren bidez, sasoilariak zazpi eguneko epearekin bota ditzakete inolako argudiorik eman gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo