Koloreetan barrena bidaia egiten segitzen du Zumetak, oraingoan Zarauzko Ispilun
Azkenaldion egindako lanak ikusgai ipini ditu Jose Luis Zumetak asteburu honetan Zarauzko Ispilu galerian estreinatu duen erakusketan. Mihise gaineko olioetan zein paper gaineko tenperetan, «betiko Zumeta» islatzen da, bere lan guztietan eta bakoitzean identifikatzen erraza. Baina usurbildarraren erakusketak inoiz ez dira aurrekoen berdinak izan, aurrekoen jarraipenak baizik, etengabe eboluzioan ari baita, freskura eta askatasuna helburu.
Martin ANSO | ZARAUTZ
Zarauzko Ispilu galerian erakusketa estreinatu berri du Jose Luis Zumetak. Guztira, mihise gaineko zazpi olio eta paper gaineko marrazki mordo bat aurkeztu ditu, den-denak Atalluko tailerrean egindakoak. «Olioak neurri handikoak dira -horietako batek 2,40 bider 2 metro ere baditu- eta aurten egin ditut guztiak. Marrazkiak, berriz -gehienak tenperak-, iazkoak dira», azaldu dio GARAri artista usurbildarrak berak.
Ispilun ikusgai ipini dituen lan guztietan «betiko Zumeta» dago, hots, espresionista, koloretsua, abstraktua baina, aldi berean, osagai figuratiboak sarri erabiltzen dituena. «Betiko Zumeta», bai, lan guztietan eta bakoitzean identifikagarria, baina, aldi berean, «freskura bila, askatasun bila», etengabe eboluzioan ari den Zumeta. Izan ere, bere erakusketak inoiz ez dira aurrekoen berdinak, aurrekoen jarraipena baizik.
Orain arteko azken erakusketa 2006ko bukaera aldera egin zuen, Donostiako Kur galerian. Han aurkeztutako lanekin alderatuta, Ispilukoetan bada zer bereizturik. Abstrakziotik ez da inolaz ere urrundu, baina olio handietan osagai figuratiboak -txalupa bat, eraikin batzuk, pertsona gorbatadun bat...- ugariagoak dira eta, batez ere, «markatuagoak» ageri dira. Artistak berak onartzen du: «Azkenaldion, gehiago jo dut figuraziorantz; olioetan, marrazkiek protagonismo handiagoa dute; marrak agerikoagoak dira».
Marrazkiek protagonismo handiagoa dute, baina horrek ez du aldatu artistaren lan egiteko modua. Mihisearen aurrean jarri eta, ideia txiki batetik abiatuta, aldez aurretik zirriborrorik egin gabe, zuzen-zuzenean kolorearekin hasten da, eta koloreak gidatzen ditu gogoa eta eskua.
Kolore apalagoak
Aspaldion, kolore biziak izan dira Zumetaren ezaugarri nabarmenetako bat. Bada, horretan ere aldaketaren bat antzeman daiteke Ispiluko lanetan. Zarauzko galerian ikusgai ipini dituen lanek oso koloretsuak izaten jarraitzen dute, baina, oro har, koloreak apalagoak dira.
Arestian esan bezala, erakusketako lan guztiak, olioak zein marrazkiak, Atallun egindakoak dira. Hala ere, azken urteotan negua Argentinan pasatzen du Jose Luis Zumetak, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Non dira, orduan, aurtengo neguko lanak? «Egia da -erantzun du artistak-, aurten ere han ibili naiz, Txilen Argentinan baino gehiago, eta marrazki ugari egin ditut, baina material hori alabarekin batean prestatzen ari naizen liburu baterako gorde dut. Nahiko proiektu konplexua da eta luze joko du. Gutxienez beste urtebete bat beharko dugu lana biribiltzeko».
Orain dela bost bat urte, Zumetak bere lana lehen aldiz aurkeztu ahal izan zuen New Yorken bakarkako erakusketa batean. Usurbildarra nazioarteko bidetik barrena ibiltzeko urrats garrantzitsua izan zen. Bide horretan urrats berriak emateko planak inoiz aipatu izan dituzte artistarekin lan egin ohi duten Epelde & Mardaras galerista bilbotarrek. Baina Zumetak berak ez omen du planik: «Nik ez dut planik egiten, egunean bizi naiz», esan du, espantu handirik gabe. Hala ere, Euskal Herrian edo Euskal Herritik kanpo erakusteko zerbait prestatzen ari dela aitortu du: «Niri gustatzen zait serie luze bat egitea eta horren berri erakusketa handi batean ematea. Horretan ari naiz. Lana oso aurreratuta daukat eta, den-dena osatu arte, ez nuke gehiegi atera nahi. Noizko erakusketa handi hori? Ea hemendik urtebetera-edo egin dezakedan».
Bien bitartean, Zumetaren azken lanak ezagutu nahi dituenak Zarautzen du aukera.
Aurtengo neguan Argentinan eta, batez ere Txilen, egin dituen lanak gorde ditu Zumetak, alabarekin batera prestatzen ari den liburu bati begira. «Nahiko proiektu konplexua da eta, gutxienez, beste urtebete beharko dugu biribiltzeko», esan du artista usurbildarrak.
Erakusketa: «Zumeta 2008».
Egilea: Jose Luis Zumeta.
Lekua: Ispilu galeria, Gipuzkoa kalea 24, Zarautz.
Egunak: Irailaren 6a arte.
Bisita-orduak: astelehenetik ostiralera, 18.00etatik 21.00etara; larunbatetan, 12.30etik 13.30era eta 18.00etatik 21.00etara.
1967an, «Picassoren `Guernica'ri omenaldia» aurkeztuta, Pinturako Euskal Sari Handia irabazi zuen Zumetak. Azkenaldion, lan hori albiste izan da. Horren arrastoa aspaldi galdu zen eta, gaur egun, Donostiako Udalak, jabeak, ez daki non dagoen. Sariketa hura antolatzen ibili zen Tomas Hernandezek behin eta berriro salatu du egoera. Zumetak, berriz, prentsaren bidez izan du galeraren berri. «San Telmon behar zuen, baina ez omen da inon ageri -esan du-. Berrogei urte baino gehiago pasatu dira. Garai hartan ez ziren gauza hauek oso kontuan hartzen, eta auskalo nora joan den. Pena dut, baina gauza hauek ez daude nire esku, jakina». M.A.